Arg.: Euskaraldia
Kanpoan

Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan

Hemen dugu Euskaraldia, berriz ere ate joka. Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko proposamena, hain zuzen ere. Ariketa soziala da Euskaraldia, zabala, parte-hartzailea, irekia eta dinamikoa. Azaroaren 20tik abenduaren 4ra arte gauzatuko da, eta 16 urtetik gorako herritarrei zuzendutako proposamena da. Guraso guztiak ere, horrenbestez, gonbidatuta daude parte hartzera.

Euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan egiteko proposamena, edonori zuzenduta ere, interesgarria baldin bada, gurasoen artean ere horrela jokatzea bereziki interesgarria da. Zergatik? Besteak beste, gurasoen arteko euskararen erabilera indartzeaz gainera, haien ereduak eta jokabideak seme-alabengan eragina duelako. ERAn sarritan aipatu dugun kontua da, eta ikerketa guztiek berretsi dutena.

Euskaraldian norbanakoek bi modutan har dezakete parte, bi rol ezberdin baitaude aukeran: ahobizi eta belarriprest. Eta ez da gaitasunaren araberako erabaki hutsa, baizik eta ariketak dirauen bitartean norberak jokatuko duen rolaren araberakoa.

Horren guztiaren inguruko argibideak Euskaraldiaren webgunean aurkitu daitezke, baita izena emateko bidea ere.

https://euskaraldia.eus/

Ariketa soziala da Euskaraldia, esan dugun bezala, eta azken urteotan euskarak berak eragin duen mobilizazio eta aktibazio esanguratsuenetakoa. Izena ematea erraza da oso, eta merezi du. Izan ere, garai arraro eta zail honetan, euskarak zinez eskertuko ditu handik eta hemendik jasoko dituen bultzada guztiak, eta euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan erabiltzea, zalantzarik gabe, bultzada handia izanen da.

CC BY-SA 4.0