ARG: @picsea by unsplash
aita-umea irakurtzen
BALIABIDEAK

Haurrak irakurketara erakartzeko gakoak

Haurrak irakurzaletzeko gakoak: goiz hasi eta gustuko dituzten aukerak eskaini.

Apirilaren 2a Haur Liburuaren Nazioarteko Eguna da, aitzakia bikaina haurrez eta liburuez, ipuinez eta literaturaz hitz egiteko. Behin eta berriz aipatu izan dira irakurtzeak dituen onurak: irudimena pizten du, arreta gaitasuna areagotzen du, hiztegia aberasten laguntzen du… Abantail hauek eta gehiago ere badituen arren, beti ez da lortzen haurrak irakurketara erakartzea edo zaletzea. Ahalegina egiteak merezi du, ordea.

Irakurketara zaletzeko ez da derrigorrezkoa irakurtzen jakitea. Alegia, oraindik haurra txikia dela oso egokia da gurasoek ipuinak kontatzea, gerora bere kabuz irakurri nahi izateko grina pizteko. Beste aukera bat da, era berean, audioipuinak eta bideoipuinak jartzea.

Eta, noski, irakurtzen ikasten hasten direnean, orduan bai, hori bada mimatzeko momentua.

  • Nola asmatu “gustuko dituzten aukera” horiekin?

Haurrek deskubritu behar dute zer duten gustuko. Agian eskaintzen zaien lehen liburua edo lehen komikia ez zaie gustatuko, baina horrek ez du esan nahi irakurtzea gustuko ez dutenik. Ipuinen edo literaturaren mundua esploratu behar dute eta horretan gurasoek lagundu behar diete: liburutegietara joan eta aukera guztiak aztertu:

  • Ipuinak, komikiak, album ilustratuak…
  • Abenturazko istorioak, misteriozkoak, egunerokoarekin loturikoak, istorio fantastikoak…
  • Formatu ezberdinak probatu: 2025ean gaude! ez dira soilik paperarekin konformatuko edo bai, auskalo! Nolanahi ere, formatu ezberdinak dastatzea beti izanen da ideia ona: oihalezko ipuinak, bideo-ipuinak, audio-ipuinak, ipuin interaktiboak, haurrentzako podcastak
  • Tamaina? bai, tamaina ere garrantzitsua izan daiteke. Haur batzuek liburu handi-handiak dituzte gustuko, eta beste batzuk, aldiz, txoraturik gelditzen dira esku batean sartzen diren 7×7 zentimetroko nano-liburuekin!
  • Literatur jardueretan izena eman: ume ninientzat ere antolatzen da halakorik, “azalerako ipuinak” besteak beste. Eta kozkortu ahala, bestelakoetan ere parte hartzen ahal dute: ipuin-kontalariak, txotxongiloak, ipuin kontaketa musikatuak, literatur aretoak…
  • “Gomendaturikoak” eta tankera horretako zerrendak kontsultatu: Galtzagorri literatur elkartearena, adibidez, ezin erosoagoa da adinaren araberako saikapenak baititu. Karrikiri euskara elkartearena ere aukera txukuna da, dudarik ez. 0-6 urte tarterako sailkapen bat du, eta beste bat 6-12 tarterako. Azken hau, gainerako ikasmailaka antolatu dute.

Irakurtzera zaletzeko baliabide eta bide horiez gain, bestelako bultzadatxo bat behar duenak hona hemen Galtzagorri elkarteko Intza Alkainek irakurzaletasunari buruz emandako azalpena eta literaturara gerturatzeko gako batzuk:

Haurrekin literatura munduan murgiltzen hasteko beste proposamen polit bat izan liteke ipuin-interaktiboen aukera. Ipuinok esperientzia multisentsoriala eskaintzen dute, ikusmenak, ukimenak eta entzumenak esku hartzen baitute. Horrez gain, beste hamaika onura dakartzate. Klik egin eta gozatu!

CC BY-SA 4.0