ARG: © ERA
aita-alaba solasean
ETXEAN

Umeak elebitasunean hazi eta hezi

Mundu osoan ohikoa da familia batean hizkuntza bat baino gehiago hitz egitea. Nafarroako guraso askok ere hori nahi dute, beraien seme-alabak elebidun izatea. Horretarako, hainbat aukera dago familiaren abiapuntuaren arabera. Hemen askotan aukeratzen da familia berean haurrei hizkuntza batean baino gehiagotan hitz egitea. 

Etxekoen artean hartu beharreko erabaki konszientea da, beraz, bi hizkuntzak erabiltzea: gurasoetako bat euskalduna denean, euskaraz mintzatuko zaio haurrari eta besteak erdaraz eginen dio. Horrela, umea hizkuntza bat pertsona batekin lotzeko gai izanen da, baita egoerak desberdintzeko ere. Zentzu horretan komeni da aurrez adostutako erabakiari sendo eustea, horrek azkenean hizkuntza-ohitura bat ezartzen lagunduko duelako.  

Izan ere, hizkuntza bat baino gehiago mintzatzen den testuinguruan,  haurrak ez du zertan automatikoki jo euskaraz aritzera, ez bada hori lortzeko modua lantzen. Hori dela eta, egunero pasa behar dute denbora euskaraz hitz egiten, entzuten, jolasten, abesten… Ohituren lanketa, azken batean. 

Horrez gain, honakoak ere kontuan hartu behar dira:

  • Lehenbailehen hasi, haurdunaldian bada hobeki. Hainbat ikerketek erakutsi dute umekiak jadanik entzuten dituela gurasoen ahotsak hogeita laugarren astetik aitzina. 
  • Seme-alabekin kalitatezko denbora pasa eta hor hizkuntza eta hizkuntzarekiko lotura afektiboa landu: gauero ipuin bat euskaraz, egunero denbora bat hartu elkarrekin jolasteko…
  • Etxean ez ezik, bestelako tokietan ere euskaraz mintzatu. Horrela, haurrak jakingo du euskara dela gurasoetako batekin hitz egiteko hizkuntza, etxean egon nola parkean. 
  • Sustatu haurrek euskaraz hitz egiteko gogoa izan dezaten. Nola? Izan dadila zerbait berezia, aitatxi-amatxirekin hitz egiteko, anai-arreben artean mintzatzeko…

Hortaz, umeek pertsona bakoitza hizkuntza batekin lotzeko gakoak hauetxek dira:

– Koherente jokatu, alegia, hartutako erabakiari beti eutsi. Umeek irizpidea garbi edukitzeko, beti edo ahal bezain beste, hala jokatu behar da. 

– Oinarrizko ohiturak egunero landu, etengabe. Horrela bada, hizkuntza bat ikasteko errutinak beharrezkoak dira eta hobe da umeari egunero hitz egitea hizkuntza horretan, komeni da ez dezala pasatu bi egun baino gehiago hizkuntza hori entzun gabe, ez pentsatzeko noizbehinkako kontua denik. 

Gurasoak euskara ikasten ari direnen kasuan tarteko formula aplikatu daiteke: euskaraz hitz egiteko momentu jakin batzuk aukeratu ditzakete, eta horietan beti mintzatuko dira euskaraz. Horrela, haurrek argi identifikatuko dute une hori euskararekin. Gurasoen hizkuntza-mailaren arabera une bat edo beste aukeratu dezakete: tarteko maila badute, ipuinaren ordua izan daiteke: beti euskarazko ipuin bat irakurri. Maila altuxeagoa badute, elkarrekin jolasteko unea izan daiteke. 

Beraz, familia bakoitzaren egoera-linguistikoa edozein dela ere, komeni da, ahal den gehienetan, euskarari behar adinako  lekua egitea.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat