ARG.: Pixabay
ETXEAN

Hitzez eta hizkuntzaz jabetzearen lilura

Zure semeak edo alabak “ogia” esaten ikasten duenean, edo lehen aldiz “ama edo “aita” deitzen dizunean, poztu egiten zara, noski. “Gosea” edo “etorri” lehen aldiz esatea ere pozgarria da, jakina, baina baita harrigarriagoa ere. Izan ere, ogia, edo aita, edo ama, ikusi eta ukitu egin ditzake haurrak. Baina “gosea”? Edo “etortzea”? Nola izendatu ditzake ume hain txiki batek hain ukiezinak diren gauzak?

Ez baita berdin objektu bat, edo sentsazio bat, sentimendu bat, egoera bat… hizkuntzara ekartzea. Hizkuntzaren jabekuntzak alderdi interesgarri, kitzikagarri eta eder asko ditu, eta mirari txiki moduko bat da. Animalien artean askotariko komunikazio sistemak eta lengoaiak egon badauden arren, ez dago giza hizkuntzaren antzekorik gure planetako gainerako espezieen artean.

Ikertzaile askok deskribatu dutenez, hizkuntza guztien jabekuntzan urrats jakin batzuk gertatzen dira, prozesu batzuk. Normalean antzekoak dira hizkuntza horietan guztietan eta modu bertsuan garatzen dira. Izan ere, Euskal Herrian, Brasilen edo Namibian jaio, denok gizakiak gara eta ezaugarri batzuk partekatzen ditugu.

Hizkuntzaz jabetzeko gizakiok dugun gaitasunaz eta erabiltzen ditugun prozeduren inguruan, ez dago erabateko adostasun zientifikorik, baina edonork aitortuko dizu fenomeno interesgarria dela, eta konplexua oso.

Ariketa polita eta dibertigarria da, esate baterako, zure haurra euskaraz nola jabetzen den ikustea, eta hori jaso eta erregistratzea: zein izan diren ahoskatu dituen lehendabiziko soinuak edo hitzak, zein lehendabiziko izenak, aditzak, adjektiboak, bi hitzeko esaldiak, hiru hitzekoak… Denbora aurrera joan ahala, gero eta hiztegi eta joskera konplexuagoa eta aberatsagoa izanen du, eta ederra da bilakaera hori ikustea, seme-alabengan gertatzen den beste edozein bilakaera, fisikoa edo psikologikoa, ikustea ederra den bezala. Eta harrituko zaituzten gauzak ere ikusiko dituzu:

Hodeiera

Haurren hizkuntzaren jabekuntza begiratzeko eta jasotzeko ariketa hori, besteak beste, haurrarekiko harremana lantzeko eta aberasteko beste bide bat izan liteke eta, bide batez, jabekuntza-prozesu hori indartu eta aberastu dezakegu, errefortzuak eskainiz.

Gaiak luzerako ematen du, baina gogoetatxo honen ondorio gisa, labur beharrez, honakoa ekarriko dizugu: edozein hizkuntzaz ari garela ere, eta jabekuntzaren garaia edozein dela ere, haurrak hizkuntza horretan jasotzen duen input-a eta esposizioa indartzea garrantzitsua da, eta aberasgarria da. Zure seme-alaben hizkuntza-jabekuntzari egin diezaiokezun mesede handienetako bat, horrenbestez, input hori handitzea da. Batez ere euskararen antzeko egoeran dauden hizkuntzen kasuan. Horretarako baditugu hamaika baliabide eta, ongi dakizunez, horietako asko ERAnafarroak berak eskaintzen dizkizu, esku-eskura, bere webgunean.

CC BY-SA 4.0