Askotan entzuten dugu jaten duguna garela, baina… soilik ahotik jaten al dugu? Hizkuntzen eremura etorrita, adibidez, esan genezake belarrietatik eta begietatik elikatzen garela. Horrela osatzen dira, hain zuzen ere, gure esateko erak eta manerak, hau da, gure hiztegia, erregistroak, egitura multzoak… Testuinguru ezberdinetatik edan egiten dugu eta horrela joaten gara poliki-poliki gure hitz egiteko modua aberasten. Bizitza osoan zehar irauten duen prozesua da, etenik gabe. Horri esker, egoera bakoitzera egokitzen dakigu eta horren arabera mintzo gara.
Beraz, jakina ez dela hizkuntza modu berean erabiltzen beti. Egoerak, tokiak, inguruan dugun jendeak, ordutegiak… badira gure hitz egiteko moduan bete-betean eragiten duten aldagai asko. Horrela, bada, lantokian modu batera egiten dugu nagusiarekin eta beste batera lankieekin; kirolean, kirol horri dagokion hiztegi espezifikoa erabiltzen dugu, baina aldi berean, hizkera informala da nagusi; WhatsAppez modu batera aritzen gara eta aurrez aurre gaudenean ezberdin… Esan bezala, besteengana zuzentzeko hainbat modu daude eta, zorionez, testuinguru bakoitzera behar bezala egokitzen dakigu. Ikasi dugu.
Eta ikasketa guztietan bezala, etaparen zer unetan zauden bada garrantzitsua. Haurren kasuan, esate baterako, hizkuntza ikasten ari direnez, ez dute hainbeste aukera eskura, ez oraindik. Eta nahiz eta jakin edo, honbeki esanda, < intuitu > hainbat egoeratan ezberdin hitz egin beharko luketela, dakitenarekin moldatu beharra dute. Hori dela eta, garrantzitsua da haurrei beraien hiztegia aberastu eta erregistroak ugaritzeko aukera ematea. Eta gurasoek, familiek, hor asko lagundu dezakete, euskara jakin ala ez. Horri begira, badira aintzat hartzeko bi osagai garrantzitsu: nahikotasuna eta askotarikotasuna. Hau da, hiztegia, erregistroak eta hitz egiteko moduak praktikatzeko denbora nahikoa eman behar zaie. Eta, era berean, egoera ezberdinak. Horrela, ikasiko dute nola hitz egiten den lagunartean, nola kirolean, nola musika eskolako irakasleekin, nola okinarekin edo txutxe dendakoarekin. Eskolan oinarria jasotzen dute, baina horri hegoak eman behar zaizkio eta elikatu. Eskolaz kanpoko jarduerek, adibidez, haurrei euskarazko hizkera informala eskuratzeko eta praktikatzeko aukera bikaina ematen diete, baita euskarazko marrazki bizidunek ere, besteak beste.
Dieta osasungarria izateko gakoak sarritan esaten dizkigute: askotarikoa izatea eta piramidearen oinarrian barazkiak, frutak, zerealak eta lekaleak kokatzea. Bada, urrezko arau horiek aplika daitezke hizkuntzaren eremuan ere. Alegia, euskara ikasten ari diren haurrek, alde batetik, askotariko erregistroak behar dituzte (lagunartekoa, familiakoa, akademikoa), hau da, euskara edozein egoeratan egoki eta eroso erabili ahal izateko baliabideak. Eta, beste aldetik, piramidearen oinarrian kokatu behar dira ahozko erregistro informalak, eguneroko harremanetan oso beharrezkoak direlako. Aisialdian, familian eta eskolako jolastokian zein jantokian ikasten dira horiek. Izan ere, adierazteko modu bakoitza dagokion esparru eta giroan erabiliz jasotzen da.
Haurrak hazteko ez da aski elikagai mota bakarra eta, era berean, euskaraz egoera guztietan behar bezala moldatzeko ez da aski gelako erregistro akademikoa. Horregatik garrantzia handia du eskolaz kanpoko erregistroen lanketak eta hor, jateko ohituretan bezala, familiek asko egin dezakete seme-alabek “euskararen dieta osasungarria” izan dezaten eta, helburu horretan, ERA dute bidelagun.
CC BY-SA 4.0