ARG.: Pixabay
ETXEAN

Hizkuntzaz jabetzen: izan zaitez lekuko!

Webgune honetan bertan argitaratutako artikulu batean, hizkuntzaren jabekuntzak sortzen duen liluraz hitz egin genuen. Hizkuntza eskuratzea prozesu konplexua da, eta ia-ia mirari txiki baten modukoa. Eta artikulu horretan proposamen bat utzi genuen airean, jabekuntza-prozesu horren berri jasotzea, hain zuzen ere.

Eta gaur, ideia horri helduta, planteamendu hori berritzera eta zehaztera gatoz. Proposatu nahi dizugu, ume txiki baten guraso zaren horri, zure alabaren edo semearen hizkuntza-jabekuntzaren prozesuan arreta osoa jartzea eta gauzak nola gertatzen diren jasotzea. Erregistro moduko bat egitea, alegia.

Ez dizugu eredu edo txantiloirik eskainiko, zuzenagoa baita nor bere modura antolatzea, baina erregistro horretan jaso litezkeen elementu edo ideia batzuk aipatuko dizkizugu:

  • Garaia edo denbora-tartea, alde batetik: astez astekoa edo hilabetez hilabetekoa egitea aukera egokiena da. Hilabete bakoitzean gure seme-alabak bere hizkuntza-produkzioan gehitzen dituen elementuak (izenak, aditzak, esaldiak…) jasotzen joan gaitezke.
  • Eta kategoriak, bestetik. Hizkuntzalaria izan gabe ere, erraza izan daiteke hizkuntzaren elementu ezberdinak jasotzea. Hilez hileko erregistro horretan, esate baterako, izenak jaso ditzakegu atal batean (ama, katua, galleta…), aditzak beste batean (eman, etorri, altxa…), adjektiboak (handia, polita…), esaldiak (ez dut nahi, aita eman ura…), interjekzioak (ez, bai, tori, apa, papo…), adberbioak (gaur, atzo, gehiago…), edo bestelakoak. Gogoan izan ez dugula doktorego-tesirik egin behar, norberaren neurriko sailkapena egitea nahikoa da prozesu honen lekuko izan eta horrekin gozatu bat hartzeko.

* Euskaltzaindiaren hiztegitik jasotako hitz batzuk: https://labur.eus/haur-hizkera

Adibide gisa eman ditugun horiek oso oinarrizkoak dira, haurra hizketan hasten denean esanen dituen horietakoak. Denborak aurrera egin ahala, haurraren hizkuntza aberastuz joanen da, esaldi luzeagoak eta konplexuagoak agertuz, hiztegia handituz eta osatuz, kontzeptu abstraktuagoak erantsiz… eta horri erreparatzea ariketa ezin interesgarriago izanen da.

Zure seme-alabak bizitzarako ezinbestekoa den baliabide garrantzitsua eta boteretsua eskuratuko du, egunetik egunera abiada bizian hornituz eta aberastuz joanen dena. Euskaraz jabetuko da, arian-arian, eta zuk horren lekuko ernea izateko aukera duzu. Proba egin ezazu eta zure seme-alabaren garapenean parte hartzeko beste aukera interesgarri bat izanen duzu eskura. Ez zaizu damutuko!

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat