Futbola eta esku-pilota izan dira urte askoan haurren artean kirol nagusiak, baina beste aukera batzuek ere indarra hartu dute azken urteetan, eta eskaintza asko zabaldu da: eskalada, igeriketa, atletismoa, boleibola, errugbia, herri kirolak… Geroz eta gehiago dira kirol jardueraren bat egiten duten haurrak, eta gaur egun haien aisialdiaren tarte handi bat hartzen du kirolak. Zenbat eta koskorrago, orduan eta gehiago.
Kirol eskaintza zabal horretan, jakina, hautatzeko erabakiak hartu behar izaten dira, eta erabaki horretan hizkuntza kontuan hartzea garrantzitsua izaten da. Izan ere, kirolak haurraren bizitza aberastuko du, baita euskara ikasteko eta erabiltzeko prozesua ere, jarduera hori euskaraz baldin bada.
Bistakoa da kirola haurren gustuko jarduera izaten dela, eta bertan euskaraz aritzeko aukera baldin badute, gutxienez bi helburu beteko dira: bata, hizkuntzarekin dituzten bizipenak, harremanak eta esperientziak areagotzea; eta bestea, bestelako erregistroak lantzea (hizkera kolokiala, kirol arloko hiztegia…).
Horregatik, garrantzitsua da eskolan euskaraz ikasten ari diren haurrek kirola ere euskaraz egitea. Izan ere, urteko esna-orduen % 15a baino ez dituzte eskolan egiten, eta gainerako % 85a eskolaz kanpo ematen dituzte, kirola egiten besteak beste.
Hori guztia kontuan hartuta, hemen dituzu zenbait aholku:
- Euskarazko eskaintza hautatu: Gure inguruan haurrentzako kirol jarduera ugari euskaraz eskaintzen dira, eta jarduera horiek haurraren gustukoak baldin badira pauso handia emanen dute hizkuntzaren garapenean.
- Euskarazko eskaintza eskatu: Haurren gustuko kirolen bat ez bada zuen inguruan euskaraz eskaintzen, herriko eragileengana jo dezakezue (guraso elkartea, kirol taldea, Udala, euskara zerbitzua…) kirol hori euskaraz antola dadin saiakera egiteko, Osasuna Fundazioaren eskaintzarekin egin zen bezala.
- Eskatzea nahikoa ez denean, hartu ekimena eta sortu: hainbat dira modu honetan sortu diren euskarazko kirol jarduerak euskaraz: Berriozar Kirol Elkartea, Union Tutera, Burlata Futbol Eskola…
Gure haurrek kirola egin behar dutenean, beraz, komeni da kirolerako egoki janzteaz gainera, kirol jarduera hori ere euskaraz janztea. Seme-alaben osasunak nabarituko du, baita haien euskararen erabilerak eta euskararekiko atxikimenduak ere.