ARG: Pixabay
Haurrak, negua, kultura eta euskara
BALIABIDEAKKANPOAN

Negua kulturaren epelean

Negua urtaro aproposa da kulturaren epelean babesteko, eta antolatzen diren euskarazko antzerkiez, ipuin-kontalariez, filmez, txotxongiloez, magiaz, bertsolaritzaz, pailazoez eta bestelako kultur emanaldiez gozatzeko.

Neguak argi orduen eta tenperaturen jaitsierak dakartza, ondorioz, umeekin kalean egoteko aukerak nabarmen murrizten dira. Egoera horri aurre egiteko, ideia bikaina da herrian edo eskualdean antolatzen diren haurrendako euskarazko kultur jardueretara joatea.

Hizkuntzak ongi ikasteko, eta horietan erraztasuna eta erosotasuna lortzeko gakoa praktikan dago. Haurrei espazioak eta baliabideak eskaini behar zaizkie egunerokoan euskara entzun eta praktikatu dezaten, eta, ahal dela, bizipen positiboekin lotuta.

Musikaren, antzerkiaren, filmen eta bestelako diziplina artistikoen bidez, haurren garapen linguistikoari ekarpen handia egiten zaio; izan ere, hitzak, ahoskera, esamoldeak eta beste hainbat baliabide linguistiko eskuratzen dira oharkabean eta modu gozagarrian.

Nafarroan, oro har, umeendako antolatzen diren kultur jardueren eskaintza zabala da. ERAko Agenda atalak emanaldi horien berri ematen du, dataren arabera ordenatuta. Hala ere, Eskualdeko agenda sakatuta, herritik gertu antolatu denaren berri izateko aukera ere badago.

Etxean ere tartea ematen ahal zaio kulturari. Baliabide digital asko daude umeek euskararekin duten harremana handitzeko. ERA atariaren Baliabideak atalean, besteak beste, musika, marrazki bizidunak eta zinema, eta ipuinak eta literatura aurkitzen ahal dira.

Has dadila ikuskizuna!

CC BY-SA 4.0