ARG: Pexels/YanKrukov
BALIABIDEAKETXEANKANPOAN

Praktika da gakoa

Bizitzan gauza asko ikasten dira, eta horiek praktikaren bidez hobetu egiten dira, adibidez, bizikletan ibiltzen, gidatzen edo patata tortillak egiten. Logikoa den bezala, tortilla asko egin izan dituztenek tortilla onak egiten dituzte. Hizkuntzekin ere gauza bera gertatzen da.

Haurrek pixkanaka barneratzen dituzte hizkuntzak. Lehenik, entzuten dutena ulertzen hasten dira, eta geroxeago hitz egiten hasiko dira. Adituek azpimarratu izan dutenez, haur hizkerak hasierako urratsak errazten ditu. Hitz motzak izan ohi dira, onomatopeiak ugari… Aurrerago, eskolan hastean, bai ulermena baita ahozko adierazpena ere hobetuko eta osatuko dituzte eta, denbora batera, irakurtzen eta idazten ikasten dute. Horrela, bada, adinean gora egin ahala, gaitasunak eskuratu eta hizkuntza menderatzea lortzen da. 

Gainera, hizkuntza menderatzeak eragina du gainerako ikasgaietan ere. Izan ere,  ulermena, ahozko adierazpena, irakurmena eta idazmena lantzeak, euskara mailan bezala, gainerako ikasgai guztietan ere eragiten du. Esate baterako, ulermen maila polita duen haurrak errazago  barneratuko ditu natur zientzietan azaldutakoak. 

Batzuetan, dena den, euskara familian edo ingurune hurbilean ez duten zenbait ikasleri gehiago kostatzen zaie hizkuntza barneratzea. Hori euskararen zailtasunari leporatu izan zaio, baina kontua ez da hizkuntzaren zailtasun edo erraztasun maila, hizkuntzarekin harremanetan egoteko maiztasuna eta intentsitatea baizik. Ohartzen bagara, umeak esna dauden denboraren* %15 besterik ez dute pasatzen eskolan, eta askok gainerako denboran ez dute euskaraz aritzeko aukera handirik, hainbat arrazoi tarteko. 

Beraz, gakoa praktika orduetan dago.  Zenbat eta ordu gehiago eskaini euskarari, orduan eta hobeki, eta horretarako eguneroko bizitzan euskararekin harreman gehiago izan behar dute haurrek. Azken batean, zenbat eta gehiago entzun eta hitz egin orduan eta euskara maila hobea lortzen da. 

 Euskara gehiago praktikatzeko proposamen batzuk:

  • ENTZUN: Garrantzitsua da seme-alabek kalitatezko ereduak entzuteko aukera izatea:
    • Familian: euskara etxean entzuteak ez du parekorik haurren hizkuntza ohituretan eragiteko eta hizkuntza maila txukuna lortzeko. Baina, hedabideek ere asko lagundu dezakete. Izan ere,  telebistan eta irratian hizlari bikainak daude eta horrela, haurrek esamoldeak entzuten dituzte, entonazioa… 
    • Eskolaz kanpoko jarduerak: normalean eskolaz kanpoko jarduerak umeen gustukoak izaten dira. Euskaraz direnean eskolan eta etxean ikasten ari diren hori adinkideekin praktikatzeko aukera dute haurrek, gainera, eremu informalago batean.
    • Kultura: Umeek euskarazko kulturarekin gozatzea oso mesedegarria da, adibidez, hiztegia aberasteko, adierazkortasuna irabazteko edo ahoskera hobetzeko. ERAko Baliabide atalean bada nahiko aukera: Musika, Filmak edo Marrazki bizidunak…  Horiek bezala, etxetik kanpo kulturaz gozatzea ere oso ideia ona da, horretarako haurrendako Agenda kontsultatu daiteke.
  • HITZ EGIN: egungo gizartean ahoz komunikatzeko gaitasuna izatea oso garrantzitsua da,  bai maila pertsonalean, baita profesionalean ere.
    • Familian: Seme-alabekin elkarrizketa asko izatea oso mesedegarria da. Haurrei denbora eman behar zaie hitz egiteko, esaten ari diren horretan interesa jarri eta erosotasunez hitz egiten utzi behar zaie. Eta laguntza behar baldin badute, eskaini behar zaie.
    • Lagunekin eta eskolaz kanpoko jardueretan euskaraz egitea garrantzitsua da, baina egia da batzuetan haurrek beste hizkuntzetara jotzen dutela. Hor eragitea ez da erraza gurasoentzat, horrelakoetan hobe da aginduka eta purrustadaka joatea baino beste metodo batzuk erabiltzea, adibidez, ERAko artikulu honetan proposatu ziren hauek.

 

Urte osoko denbora kontuan hartuta, umeak esna dauden denboraren %15 besterik ez dute pasatzen eskolan.

CC BY-SA 4.0