Haurrek, jaiotzen direnetik, gurasoen babesa eta goxotasuna behar izaten dituzte. Gertutasun hori hainbat modutara jasotzen dute, batzuetan altzoan hartuz, bestetan gurasoen kontuak eta kantuak entzunez… Beraz, hurbiltasuna transmititzeko aukera bat baino gehiago egon badago. Edonola ere, aitortu behar da ama edota aitaren ahotsa entzuteak zinez duela eragin lasaigarria. Niniak lokartzeko, esate baterako, kantu goxoak entzutea oso mesedegarria da. Hori dela eta, sarri erabiltzen dira sehaska-kantak. Hauek doinu goxo, lasai eta errepikakorrak izaten dituzte eta ez da kasualitatea. Izan ere, kantu hauen funtzioa ez da nolanahikoa, niniengan gauak edo iluntasunak sortzen duen ezinegona baretzeko eginak baitira, hain zuzen.
Olatz Zugasti musikari eta konpositoreak 1999an argitaratu zuen “Bulun-bulunka” sehaska kanten disko monografiko bat. 14 kanta zoragarri ditu, gehienak herrikoiak. Hemen eskuratu daitezke kantu guztien letrak. Eta sehaska kanta gehiago entzun nahi izanez gero, ERAko atal honetan aurki daitezke.