Niña sentada sobre una maleta
KANPOAN

Oporretara al zoaz? Nola biziraun auto- edo tren-bidaian

Uda hemen da eta haurrek oporraldia dute eskolan. Hori dela eta, familia askok garai hau baliatzen dute kanpora joateko eta, sarritan, auto edo tren bidaia horiek luze-luze jotzen dute. Han dira Salou, Conil, Landak, Girona… Beraz, denbora hori arintzeko, zergatik ez probestu haurrekin jolasteko?

Izan ere, nork ez ditu buruan txikitako bidaiok? Garbiketa-tunelean auto barnean egotea, gidari izatera jolastea, igarkizunetan aritzea…Bada, une kuttun horiek berreskuratu eta seme-alabekin berriz bizi daitezke, eta haiekin aritu kantu-kontari. Modu horretan, gainera,  bidaia arintzeaz gain, “asko falta daaa?” entzutea saihestuko dugu, edo saiatuko gara, sikiera.Baliabideak behar ditugu horretarako.

Era.eus-k bide bat ireki zuen horretan, eta dagoeneko jolas, kantu, joko… sorta polita du eskaintzeko, esaterako JOLASAK eta SOLASAK atalean bildutakoak. Hona proposamen batzuk:

Ikusi makusi. Jolasik ezagunenetakoa, “Ikusi makusi zer ikusi, ikusten, ikusten, ikusteeeen…“ abestuz, eta behin formula esanda, autotik ikusten den zerbaiten lehen silaba esan behar da pista gisara. Ondoren  bidaideek asmatu beharko dute zein hitz den.

Zenbat behatz. Haurra helduaren atzean jarriko da, eta bizkarrean eskuak edo atzamarrak dituela, honakoa abestuko dute: “Ixtorio mixtorio hatz, Berrehun zorri ta, Berrehun bartz, gainean dituenak egiten du hatz, Zenbat behatz?”. Kantua bukatzean helduak asmatu beharko du haurrak zenbat atzamar jarri dizkion bizkarrean.

Minttini manttana. Helduak goxoki bat (edo nahi den zerbait, txikia) esku batean gordeko du, eta haurrari luzatuko dizkio bi eskuak itxita, eta formula kantatuko dio, haurrak asma dezan zein eskuetan gorde ote duen goxokia: minttini-manttana, sobera barbara, betea ala hutsa?  

Harri, orri, ar.  Eskuekin aritzeko jolasa. Harriak artazia txikitzen du, artaziak papera mozten du eta paperak harria biltzen du.

Hitz kateatuak. Hitz batekin hasi eta hortik aurrera bi aukera daude. Txandaka, ondokoak esan duen hitzaren azken hizkia erabili behar da hitz berri bat botatzeko. Beste aukera bat, zailagoa, hitzaren azken silaba erabiltzea: Etxe, txeke, kemen…

Nahi dut… Bidaide batek jolasari ekinen dio “Nahi dut … ” esanez eta pentsatu duena erantsiz. Bigarrenak lehenak esandakoari beste zerbait gehituko dio aurrekoarena ere errepikatuz eta honela kateatzen jarraituko dute, norbaitek kale egin arte. Adibidez, laugarren jokalariak, bere desioa botako du aurreko guztiena errepikatu ondoren: “Nahi dut lo egin, Kakuetara joan, pizza bat jan eta elefante arrosa bat ikusi!”

Proposamen gehiago nahi dituenak edo ikasteko gogoz gelditu denak badu hemen aukera: Guraso.eus webguneko “Oporretako jolas gomendioak“ artikuluan, baita  Hik Hasi-k argitaratutako “Zatoz Jolastera”  eta “Jolasen Altxorra” bideoetan.

Bidaideren batek euskaraz ez badaki ere parte har dezake jolasean, inongo aitzakiarik gabe. Izan ere, artikulu honen gaztelaniazko bertsioan badira zenbait gomendio: “¿Te vas de vacaciones? Como sobrevivir al viaje en coche/tren

Uda on!