ETXEAN

Senda, senda, Miriku

Kultura guztiek sortu dituzte mundua ulertzeko mitoak eta natura interpretatzeko istorioak: urruneko eta hurbileko kontuak, zeru-sabaiari begira zein nork bere gorputzari so. 

Izarrei begira, esaterako, kultura bakoitzak ikusi ditu bere erreferentzia ezagunak zeruan marraztuta. Abeltzain eta marinel euskaldunek “Artzaina makoarekin” deitu izan diote “Hartz handia” konstelazioari; “Hartz txikiari”, ordea,  “Zazpi lapurrak” eta greziarrek “Pleiades” deitu zioten horri, “Oilo koloka”(1).

Gure zilborrari begira ere, badira hainbat eta hainbat istorio giza gorputzaren funtzionamendu harrigarriaren inguruan. Horiek, batez ere, haurrei azalpenak emateko erabili dira, beti ere heziketa eta gozamena elkartuz, haur folklorean ohikoa den bezala. Izan ere, askoz errazago ulertzen dute mundua bizitzako eta naturako gertaerak irudimenaren eta jolasaren bidez erakutsita.  Gainera, esplorazio horri gorputzetik hasita ekiten diote umeek, alegia, beraien gorputza ezagutzea da lehen urratsa. Hori dela eta, haur folkloreak ehunka kanta, aho-korapilo, asmakizun…, bildu ditu. 

Gorputz atalen mugimenduak ikasteko, adibidez, badira abesti batzuk ezin aproposagoak, erritmoak asko laguntzen baitu: eskuekin jolasteko abestiak.

Esne-hortza erortzen denerako, ordea, hortza sutara edo teilatuaren gainera bota eta Maritxu Teilatuko arduratuko da zaharra eramaten eta berria ekartzen (2):

Maritxu Teilatuko
gona gorriduna
eutsi hagin zaharra eta
ekarri berria.

Audioa: Maritxu Teilatuko /  Oskorri (Katuen Testamentue)

Zer egin mina hartzean? Ahots goxoak lagundutako laztanak dira botikarik hoberena:

Senda, senda, Miriku
Oilo-kaka xiriku,
joan da mina!

Audioa: Senda, senda, Miriku / Hezten (Jolasgunea)

Nola ahoskatu gorputzaren soinuak?

Puzkerra: tarrat!
Mukiak kentzeko: zintz!
Doministikua: atrux, atxus, atxix
Eztula: tuju-tuju, eju-eju
Sabela: gur-gur
Bihotzaren soinua: taup-taup

Eta horrela erantzuten dituzte gorputzari buruzko galderak hainbat eta hainbat aho-korapilo, asmakizun errima eta kantak, euskarazko haur folklorea ikasteko eta gozatzeko iturri agortezina baita.

Haur folkloreari buruzko argitalpenak:

  • Puntan Punta Bat – Haur folklorearen bilduma, X. Etxaniz Erle 
  • Axa mixa zilarra, J.M. Olaizola “Txiliku”
  • Zer dela eta zer dela, X. Etxaniz Erle
  • Aizak eta aizan elkarrekin dantzan, A. Lertxundi
  • Mintzo naiz ixilik…, J.K. Igerabide

Irudia: J. Zabaleta “Abrite Portas” Ikastolen Elkartea

(1) A. Lertxundi “Letrak kalekantoitik” Alberdania
(2) J.M. Olaizola, Txiliku “Axa mixa zillarra” Elkarlanean

 

CC BY-SA 4.0

 

 

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat