Gurasoen harreman-sareak askotarikoak izaten dira. Une, gune eta espazio ugari partekatzen dituzte, eta horien artean daude gurasoen whatsapp-taldeak eta gurasoen bilerak. Eta horietan, oso maiz, hizkuntzak ere bat baino gehiago izaten dira, eta egoera hori kudeatu beharra sortzen da.
Kudeaketa horretan teknologiaren laguntza ere izan dezakegu eta horretarako tresna bat izan daiteke, hain zuzen ere, Telegram aplikazioa. Doanekoa da, whatsapp-aren antzera funtzionatzen du, eta euskaraz normaltasunez aritzeko erraztasun eta aukera batzuk emanen dizkio hala nahi duenari.
Alde batetik, Telegramen kanal bat sortuta, kanal hori aldibereko itzulpena egiteko erabil daiteke. Aukera hori ikastetxean egiten diren gurasoen bileretarako oso praktikoa izan daiteke. Bileran daudenek kanal horretan sartu eta, aurikularrak jarrita, itzultzaileak dioena entzunen dute. Itzultzaileak bere telefonoari hitz eginen dio eta Telegramak eramanen du haren ahotsa aurikularrak jarrita dituztenengana.
Hemen ikus daiteke aukera hori azaltzen duen bideoa.
Beste alde batetik, gurasoek sortzen dituzten ohiko Whatsapp taldeak Telegramera eramanez gero, aplikazio horrek aukera ematen du hizkuntza batean jasotako mezua unean berean itzultzeko. Itzulpena Telegram aplikazioak berak egiten du, eta nahikoa da horretarako ezarpenetan, “hizkuntza” atalean, “erakutsi itzultzeko botoia” aukera aktibatzea. Euskara eta gaztelaniaz gainera, beste hizkuntza batzuk ere eskaintzen ditu itzulpena egiteko.
Bi aukerak, bileretarako itzulpen zerbitzua nahiz taldeetako mezuak itzultzeko aukera, errazak dira kudeatzen eta erabiltzen, eta norberak nahi duen hizkuntzan eroso aritzeko aukera ematen dute.
CC BY-SA 4.0