Udako oporretan, euskararekin jolastu eta gozatzen jarraitzeko aukera ugari daude. Hona hemen proposamen berezi bat, seme-alabak motibatu eta erakarriko dituena: euskararen opor-kutxa!
Opor garaian, eskolarik ez denean, zenbait familiatan eta ingurunetan gutxitu edo desagertu egiten da euskaraz aritzeko aukera. Baliabideak eta proposamenak ordea, anitzak izan daitezke euskarari lekua egiteko.
Beheko bideoan Iñaki Eizmendi hezitzaileak adierazi bezala, etxeko txikiekin opor-kutxa bat sortu daiteke. Bada, nola, eta zertarako?
Aurrena, kutxa eta txartelak prestatu:
- Lehenik eta behin, zapata kutxa bat hartu eta seme-alabekin batera kutxa hori apaindu. Barruan bi espazio bereizi, erdian xafla bat jarriz.
- Horrekin batera, kutxan sartzeko moduko hainbat txartel prestatu. Horietan, proposatuko diren jarduerak edo planak idatzi. Seme-alabekin gustura eginen diren ekintzak jartzea komeni da. Horretarako, elkarrekin pentsatzea eta osatzea gomendatzen da. Hona hemen hainbat ideia.
- Kutxaren espazioetako batean txartel horiek guztiak jarri. Atal hori, “egitekoen atala” izanen da.
Opor-kutxaren funtzionamendua:
- Oporretan zehar, erabakitzen den maiztasunarekin, txartel bat aterako da opor-kutxatik. Irakurri eta bertan jartzen duena egin: ipuin bat irakurri, euskarazko kultur ekitaldi batera joan, jolastu…
- Behin txartelean jartzen duena eginda, txartelak kutxako espazio batetik bestera pasako dira. Txartelarekin batera, ekintzaren oroigarri bat gorde daiteke, esaterako: txangoan hartutako hosto bat…
- Oporrak amaitzerakoan edo hurrengoak iristen direnean, kutxa ireki, sartutako “oroigarriak” atera, eta haiei buruz hitz egin: zer oroitzapen dituen bakoitzak…
CC BY-SA 4.0



