Sukalde lan: 1.Jakiak prestatzeko lana 2.Helburu bat iristeko aurrez egin beharreko prestakuntza-lana, ikusten ez dena.
Gurasoek sukalde lan handia egiten dute seme-alaben hazkuntzan eta hezkuntzan, sarritan ikusten ez dena. Asmo on asko izaten dute bide horretan eta denbora dezente inbertitzen dute helburua lortzeko. Izan ere, gurasoek seme-alaben ongizatea nahi dute. Batzuetan, ordea, zalantzak sortzen dira.
Zalantza horiei erantzunak emateko asmoz sukaldean sartu da ERA, eta prestatu ditu lapikoak eta suak piztu. Gurasoen bizi-erritmora eta informazioa jasotzeko ohituretara egokitu nahian proposamen berria ekarri du: oinutsik eta galtzerditan hausnartzeko bideoak. Iñaki Eizmendik hiru alor landuko ditu beste horrenbeste mokadutan:
Lehen mokadua: Eleaniztasuna helburu. 7:24
Zer nahi dugu haurrentzat, eleniztasuna ala eleaniztasun orekatua? Nola ikasten dituzte haurrek hizkuntzak? Zein dira motibazioak? Nola banatzen da haurraren denbora etxearen, eskolaren, eta plazaren artean?
Bigarren mokadua: Hizkuntzekin eta euskararekin harremana. 9:43
Etxeko hizkuntzan oinarri ona izateak zer abantaila ematen du? Euskara aberatsa eskaini nahi diogu, euskalkia erabiltzeak lagunduko al digu horretan? Gure euskara maila ez bada hain ona, eginen al diogu euskaraz? Eta beste hizkuntzekiko harremana nolakoa izatea komeni da? Nola lagundu euskara bizipen edo esperientzia erakargarriekin lotzen? Garrantzitsua al da?
Hirugarren mokadua: Gurasoak eredu hizkuntza ohiturekin ere. 8:29
Hizkuntza batean ala bestean egitea, soilik unean uneko apetaren araberakoa da? Gurasoak ezin du haurraren hizkuntza joera erabaki, baina zer egin dezake? Ba al da formula magikorik hizkuntza ohiturak aldatzeko? Eta zer egin kontraesanekin?
Hizlaria: Iñaki Eizmendi gizarte hezitzailea da, Ebete hizkuntza-zerbitzuak erakundearen sortzailea. Ebetek haur eta nerabeen euskararen erabileran, gaitasunean eta jarreretan eragiteko estrategiak eta tresnak lantzen eta eskaintzen ditu. Iñakik formazio saioak eskaintzen ditu irakasle eta eskola orduz kanpoko jardueretako hezitzaileentzat, baita gurasoentzako hitzaldi eta lantegiak ere. Hizkuntza-ohituretan eragiteko hainbat proiektu eta ekimenetan ere parte hartzen du.
Mokaduen iturria: gurasoentzako ERA Eskolen lehen edizioko hitzaldiak.
CC BY-SA 4.0