ARG: Pexels/mododeolhar
ETXEAN

Bikotean hizkuntz ohiturak euskarara aldatzeko estrategiak seme-alabak izan aurretik

Bikote askok guraso izatea erabakitzen dutenean, euren hizkuntza ohitura euskarara ekartzeko beharra sentitzen dute. Horretarako arrazoiak asko eta oso bestelakoak izan daitezke.  Aldaketari heltzeko uneari begiratuta, bestalde, nabarmendu behar da seme-alabak izan aurreko denbora oso aproposa dela bikoteko hizkuntza ohiturak aldatzeko; izan ere, umea jaio eta gero, zailagoa izaten da energia aldaketa horretan jartzea.

Harreman guztien erdigunean komunikazioa eta hizkuntza daude, biak ezinbesteko. Hizkuntz ohiturak aldatzeak ahalegina eskatzen du, batez ere, harremana oso hurbila, estua eta egunerokoa denean. Hala ere, motibazio nahikoa izanez gero, lor daiteke.

Bikote bakoitza mundu bat den arren, jarraian hizkuntza ohiturak aldatzeko zenbait estrategia proposatuko dira:

  • Errazenetik hasi: euskaraz egiten hasteko egoera errazenak identifikatu eta zailenak erdaraz egiten jarraitu. Gero, pixkanaka-pixkanaka, bikoteari zailagoak iruditzen zaizkion egoeretan, euskara erabiltzen hasi.
  • Malgutasuna eta konstantzia: Aipatu bezala, hizkuntz ohiturak ez dira eguzkitik eguzkira  aldatzen eta, tarteka, momentu zailak ere bizi izaten dira. Zenbait komunikazio egoeretan bat-batekotasun handia behar izaten da, esaterako, bikotekidearekin izaten diren eztabaidetan. Horrelakoetan, euskarari eusteko gogo bizia eduki arren, esan nahi dena esateko bizkortasun falta nabaritu daiteke. Bada, frustrazioan erori baino lehen, hobe da, esan beharrekoa erdaraz esatea eta momentu hori pasata, euskarara bueltatzea. Prozesu honetan malgutasuna behar da, baina helburua lortzeko konstantziari eutsiz.
  • Lorpenak kontuan hartu: eraldaketak gorabeheratsuak izaten dira sarritan. Badira motibazio altuko momentuak eta aurrera pausu sendoak ematen diren momentuak, baina baita motibazio baxukoak eta prozesua geldialdian dagoen sentsazioa. Egoera makalago horietan, arreta zailtasunetan jarri baino, hobe da lorpenak baloratzea eta ilusioari eustea.
  • Zuzenketak, bai, baina mimoz: askotan bikotekide batek euskaraz ongi egiten du eta besteak ez hain ongi (ikasten ari delako edo ez duelako nahiko lukeen jariotasuna eroso aritzeko). Horrelakoetan ohikoa da ongi aritzen denak besteari zezentzea. Zuzenketak egiteko modua bien artean adostea komeni da: momentua ongi aukeratu, eta komunikazioa ez oztopatu. Alegia bere maila hobetu nahi duenari  ezin zaio aldiro moztu. Horrez gain, gauzak esateko tonua eraikitzailea eta positiboa izan behar da.
  • Bikote-harremanetik kanpo ere euskaraz aritzeko ingurunea bilatu: Bikoteak ez baldin badu inguruan euskaraz aritzeko pertsonarik, aukera ona izan daiteke egoera horiek propio bilatzea, esaterako, Mintzapraktika programetan, euskarazko kultur ikuskizunetan…

Horrela, aldaketari garaiz helduz gero, haurra jaiotzen denerako bikotean euskaraz komunikatzeko ohitura errotua egon daiteke eta horri eutsiz gero, onurak umearengan ere ikusiko dira: euskara maila hobea lortuko du eta hizkuntzarekiko atxikimendu handiagoa izanen du.

CC BY-SA 4.0