© ERA
ETXEAN

“EGIN EUSKARAZ!!!” eta, hala ere, ez badu egiten?

Haurrek, euskaldunak izanda ere, eta eskolan euskaraz ikasten badute ere, ez dute beti euskaraz egiten. Etxean gertatzen da, baita kalean edo aisialdiko jardueretan ere. Horrek askotan nolabaiteko etsipena sortzen dio gurasoari, bestelako zerbait espero zuelako, eta sarritan etsipen horrek gurean klasikoa den erreakzioa eragiten du: “Egin euskaraz!!!” esaten zaie haurrei, batzuetan gozo eta beste zenbaitetan haserre ukituarekin. Eta horrek zer edo zer aldatuko duen itxaropena izaten du guraso askok, nahiz eta urteen joan-etorriak erakutsi digun normalean ez duela funtzionatzen, modu egonkor eta iraunkorrean ez behintzat.

Zerbait egin behar, ordea, haurrek euskaraz egin dezaten nahi baldin badugu. Eta zer izan liteke? Bada, eskarmentuak eta adituen esanek erakutsi digute beste bide batzuk jorratu behar direla, eta hizkuntzaren erabileran faktore askok eragiten dutela.

ERAk ideia edo aukera batzuk proposatuko ditu, baina horiek zerrendatu baino lehen, gogoeta labur-labur bat: haurrek euskaraz egin dezaten eginen dugun ahalegina ez da frustrazioaren eta etsipenaren gainean eraiki behar. Egoera guztiak ongi-ongi ulertzen saiatu behar dugu, gauzak zergatik eta nola gertatzen diren, eta ulermen eta kontzientzia argi horretatik abiatu.

Eta zein dira, bada, formula magiko ez diren arren, haurren euskararen erabileran eragiten lagunduko diguten bide horiek? Honatx, gure proposamenak:

  • Haur euskaldunen artean erdaraz ari direla ikusten dugunean, aginduka eta purrustadaka joatea baino eraginkorragoa izan liteke gu geu elkarrizketan sartzea, bertan parte hartzea, euskaraz noski, eta horrela elkarrizketa euskarara joan dadin laguntzea.
  • Gertatzen da, bestalde, eta nahi baino gehiagotan, haurrek helduei erdaraz erantzutea, haiek euskaraz eginda ere. Horrelakoetan, ozpindu gabe, hobe euskaraz egiten jarraitzea, amore eman gabe, haiek ere berriz euskarara etorri arte.
  • “Egin euskaraz!!!” formula, ezartzekotan, gehiago ezarri beharko liokete helduek beren buruari haurrei baino. Alegia, haurrek euskaraz egin dezaten nahi duen gurasoak egin dezakeen urratsik eraginkorrenetako bat euskara erabiltzea da, ez haurrekin bakarrik, baita helduekin, edonorekin eta edozertarako ere. Horrela, bide batez, euskarak denetarako balio duela erakutsi zaie. Eredu izan, horrenbestez, haurrak ederki ohartzen baitira beren inguruko helduek egiten duten guztiaz.
  • Euskararen erabileraz ari garela, umeek normalean ez dute egiten helduok egin dezakegun gogoeta, eta ez dute iritzi hain kontziente eta hain arrazoitua. Haiekin ere honetaz guztiaz hitz egin daiteke, noski, eta euskararekiko estimua eta atxikimendua esplizituki adierazi, baina betiere haien heldutasun mailara egokituta, eta haurrak direla ahaztu gabe. Inplizituki ere adieraz daiteke, eguneroko bizitzan ahal den neurrian euskararen hautuari eusten zaiola erakutsiz, esate baterako.
  • Haurrarentzat euskarazko ingurune edo “ekosistema” bat bilatu daiteke, harentzat atseginak diren euskarazko osagaiak eskura jarriz: musika, ipuinak, aisialdiko jarduerak, filmak eta marrazki bizidunak, jolasak eta jokoak… Ahal den guztietan euskararekiko asoziazio positiboak eskainiko dituzten jarduerak, egitekoak, momentuak… bilatu eta eskaini.
  • Hizkuntza gaitasunak ere badu erabilerarekin hein bateko erlazioa. Haurrak euskaraz ongi moldatzea berme hobea da gerora euskaraz egin dezaten. Euskaldun ahalik eta osoenak eta erosoenak izan daitezen saia gaitezke, euskarari sarbide ahalik eta handiena ematen era guztietako jardueretan, eskolaz kanpoko jardueretan, ahoz nahiz idatziz…

 

Esan dugu aurrerago formula magikorik ez dagoela. Hizkuntzaren erabilera fenomeno konplexua da, eta haurrek ez dute konplexutasun horren gaineko gogoetarik egiten normalean, nahikoa modu naturalean jokatzen ohi dute. Baina formula magikorik gabe bada ere, gurasoek aletxoa ere jar dezakezue, aipatu berri ditugun bideak jorratuz, edo zeuek landuko dituzuen beste ildo batzuetatik joz. Betiere ohiko “Egin euskaraz!!!” ozpindutik harago.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat