@Pixabay - Kidaha
ESKOLAN

Eskola eta etxea eskutik: LH 1 eta 2 mailetan ahozko hizkuntza gaitasuna sendotzen

Haurren ahozko hizkuntza gaitasunean faktore ugarik eragiten dute: eskolan ematen duten denbora mugatua, ikaslearen berezko gaitasuna, familian euskaraz aritzen ote diren eta zein neurritan, eskolan batez ere idatzizko gaitasunalantzea, kalean eta aisialdian euskaraz aritzeko aukerak izatea, eta abar. Beraz, hizkuntza gaitasuna indartzeko, baita helburu akademikoak eskuratzeko ere, komenigarria da Yolanda Olasagarre irakasleen prestatzaileak dioen bezala ikuspegi oso bat izatea familia eta eskola kontuan hartuta “Bakoitzak berea, denon artean dena”.

Beraz, oso aukera ona da eskolan ahozko hizkuntza lantzeko egiten dena ondoren etxean sendotzea. Baina, nola osatu eskolako lana eta familiaren lana?

Lehen urratsa litzateke familiak jakitea eskolan zer egiten ari diren eta, aldi berean, eskolak jakin dezala etxean zer egiten ari den. Oso garrantzitsua da familia eta eskola konektatuta egotea eta batak bestearen lana begi onez ikustea. Beraz, aproposena litzateke tutoreari edo irakasleari galdetzea semea edo alaba zer moduz moldatzen den ahozkoan, ikaskideekiko harremanetan zein hizkuntza erabiltzen duen, baita irakasleekin ere, eta abar…

Lehen Hezkuntzako hasierako hiru ikasmailetan helburu komunikatibo berdinak proposatzen zaizkie ikasleei, pixkanaka zailduz doazenak (Lehen Hezkuntzako curriculuma) Gurasoek ere helburu horiek lantzeko zenbait urrats eta bide landu ditzakete:

  • Hurbileko egoera eta esperientzia pertsonalak KONTATZEA: asteburuko gertaerak, eskolan egindakoa, telebistan ikusitakoa, ikasitako jolasak eta haien arauak, guraso edo aiton-amonen herriko kontuak… Zer egin dezakete gurasoek helburu horretan laguntzeko? Bada, haurrak kontatzeko irrikaz egon ohi direnez, aprobetxatu aukera hori. Eta, bestalde, patxadaz entzuteko prest gaudela erakutsi eta interesa adierazi galderak eginez.
  • Ingurune hurbileko leku, gauza edo izakiak DESKRIBATZEA, haiei begira edo irudi batez lagunduta: etxea, familia, eskolako ikasgela, herriko gune jakin batzuk, eskolako gune jakin batzuk, animaliak, landareak, irakaslea nolakoa den… Bigarren helburu honetan laguntzeko, esate baterako, Ipuin-paseoa egin dezakegu inguruko baserri eskoletan, eta ikusitakoa deskribatzeko eskatu; edo parkean paseoan ibili; sukaldean janaria prestatu, karrikan gora eta behera ibili dendetako erakuslehioak begiratuz… Ez dago une edo leku txarrik “Ikusi makusi, zer ikusi”-ka aritzeko.
  • ELKARRIZKETA INFORMALAK egiteko egoerak sortu, haurraren eskaeren inguruan: janaria eskatzea, lanerako laguntza eskatzea, jostailua emateko eskaera, egoera gatazkatsuetan konponbidea bilatzeko laguntza eskatzea edo norberari dagokiona errespetuz eskatzea… Hirugarren helburuan indar egiteko, berriz, lagungarria izan daiteke karrikan goazela izozkiaren, gusanitoen edo kromoen inguruan elkarrizketaren bat sortzea edo, xamurragoa, gauean ipuina kontatzeko eskatzea…

Aholku orokor batzuk, adin guztietarako egokiak:

Gurasoek bi arlotan eskuartzea komeni da: hitz egiteko aukerak emanez eta motibazioa elikatuz. Motibazioa elikatzeak esan nahi du haurraren hizkuntzarekiko jarrera baikorra sustatzea, hizkuntza bat edo beste bat erabiltzeko aukera duenean euskararen aldeko hautua eginez.

Modu erraz batean jaso egindakoa: ipuin bat irakurri dugula, kanta bat ikasi eta abestu, zinemara joan garela… Mila modu daude hizkuntza erabiltzeko, eta egin dugun hori nonbait idatziz jasotzeak egindakoa bisibilizatzen lagunduko digu, eta lortutakoa erakutsiko digu. Eta era berean balioko digu ordura arte zenbateko ahalegina egin dugun ikusteko, eta emandako urratsak nahikoak diren edo indartu behar ditugun erabakitzeko.

Hizkuntza egoeraren inguruko azalpen arinak eman: Halakok zergatik ez dakien, ikaskide hori zergatik ez den horren ongi moldatzen, zergatik aukeratu duzuen D ereduan ikastea…

Etxean koherente izan hizkuntzarekin.

Lagunekin parkean daudenean komeni da zeharka esku hartzea. Adibidez, tarteka gurasoetako bat jolasetan sartzea, eskolan ikasi dituzten jolasak edo modan daudenak zein diren jakitea eta plazara ekartzea…

Sakondu nahi izatera, loturak:

Irakasleei zuzenduta, ahozko hizkuntza irakasteko.

Yolanda Olasagarre ERA Eskolan: Familia eta eskola norabide berean eta sintonia berean.

CC BY-SA 4.0