ARG: Pixabay
etxeko lanetarako aholkuak
ESKOLANETXEAN

Etxeko lanen bost egia

Eskola batetik bestera asko aldatzen dira ikasleei eskatzen zaizkien etxeko lanen kopurua eta modua. Horregatik, tutoreen eta familiaren arteko komunikazio ona beharrezkoa da eskolak etxeko lanekin lotuta dauzkan helburu pedagogikoak ezagutzeko eta horien arabera jokatzeko. Edonola ere, komeni da ez ahaztea etxeko lanek ikasleen autonomia eta lan gaitasuna areagotzea izan behar dutela helburu nagusia. Hori kontuan hartuta, eta euskarazko irakaskuntzaren testuinguruan, jarraian etxeko lanen gaineko bost egiaz hausnartzeko proposatzen dizuegu:

Lehena. Pernandoren egia: etxean ez dago ez irakaslerik ez ikaslerik, etxean gurasoak eta seme-alabak gara. Beraz, gurasooi ez dagokigu eskolako kontzeptuak azaltzen hastea. Guri dagokiguna da ikasteko eta lan egiteko ohitura egokiak bermatzea: toki eroso eta atsegina eskaintzea; arretari erraz eusteko giro lasaia lortzea; ikasteko edo etxeko lana egiteko adinaren arabera mugatutako denbora eguneroko errutinan sartzea eta, behar badute, hasieran, agendaren kudeaketan laguntzea.

Bigarrena. Gurasoek irakaslearena egitea arriskutsua izan daiteke:
• Haurrak eskolan “deskonektatzeko” eta honela pentsatzeko tentazioa izan dezake: “azalduko didate gero etxean”.
• Irakasleak ez du ikaslearen garapenaren irudi erreala ezagutuko eta hainbat kontzeptu eta gaitasun barneratutzat joko ditu, egiazki hala ez bada ere.
• Haurra ez da benetan garrantzitsua den ikasketa emozional batean trebatuko: ahaleginez burututako lana ongi edo gaizki dagoen ez jakiteak sortzen duen zalantzaren kudeaketa, hain zuzen.
• Kontzeptuen edo erabilitako metodologien zailtasunarengatik, gurasoek eskainitako laguntza lehenago edo geroago ez da nahikoa izanen eta, orduan bai, autonomia falta arazo bihur daiteke.

Hirugarrena. Ikaste prozesuko benetako zailtasunak interes faltarengatik, denborari etekina ateratzen ez jakiteagatik edo kalitatezko kontzentrazioa ez lortzeagatik sortzen dira. Horrelakorik ez gertatzeko, familiek prebentzio lan handia egin dezakete: gauza berriak ezagutzeko haurren berezko gogoa indartu, ikasten ari direnari buruzko benetako interesa erakutsi eta, beti, baldintzarik gabeko gure sostengua adierazi.

Laugarrena. Zailtasunen bat sortzean, irtenbiderik hoberena da tutorearekin mintzatzea eta oztopoa gainditzeko estrategia elkarrekin pentsatzea. Izan ere, lehen esan bezala, familiaren eta eskolaren arteko komunikazioa funtsezkoa da: agendako ohar xumetik hasita: “Ane ahalegindu da agindutako lana egiten baina azken zatian blokeatu da eta ezin izan du bukatu.” hizkuntza jabekuntzari buruzko informazioa eskatzeraino: “Zer moduz moldatzen da euskaraz lagunekin?” “Zer egin dezakegu etxean bere gaitasun komunikatiboak hobetzeko?”

Bosgarrena. Ikasteko prozesua laguntzeko egin dezakegun gauzarik hoberena da haur eta gaztetxoek euskarazko gaitasun linguistikoak gara ditzaten bideak eskaintzea. Mota guztietako gaitasunak, baina, batez ere, ahozkoak. Zenbat eta harreman estuagoa izan euskararekin, orduan eta errazagoa izanen da gainerako guztia. Horregatik da horren garrantzitsua familiek bermatzea haurrek euskarazko aisialdia izan dezaten. Lagunekin euskaraz jolastea eta ongi pasatzea ez delako hautazko ikasgaia, derrigorrezkoa baizik.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat