Arg.: ERA
ETXEAN

Haurdunaldian hartzen dira hainbat erabaki

Haurdun gelditzearekin batera une zoriontsu asko bizi eta, aldi berean, ardura eta kezka berriak sortzen dira. Jaioko den umeari onena eman nahi diogu, noski, zoriontsu izan dadin eta bizitzan ahalik eta aukera gehien izan dezan. Beraz, gurasoen esku hainbat erabaki daude. Horien artean, besteak beste, zein izanen den ume horren izena.

Erabaki garrantzitsua da. Batzuek erraz hartzen dute, baina beste batzuei buruhauste ugari ekartzen die. Izan ere, bizitzako beste edozein gairekin gertatzen den bezala,  nork bere lehentasunak ditu. Hautuan laguntzeko hamaika baliabide dago, eta prozesu horretan bidelagun izateko helburuarekin, ERA.eus-en atal berria sortu dugu: Euskal izenak eta abizenak.

Euskaltzaindiaren izen-zerrenda, euskarazko izen neutroen zerrenda eta euskal izenei buruzko webgunea biltzen ditu atalak. Horrez gain,  euskal abizenen zerrenda eta horiek ofizialki euskal grafiaz idatzita jasotzeko zer egin behar den ere azaltzen da. Oso ohikoa baita, hainbat arrazoi direla medio, nortasun agirietan euskarazko abizenak erdal grafiaz idatzita ikustea (Echeverría, Etxeberria beharrean), ofizialki hala erregistratuta ditugulako. Euskarazko deiturek badute, ordea, beren grafia propioa, eta horretara egokitzeko urratsak errazak dira. Horiek burututa, ume jaio berria inskribatzera joatean, izena eta abizenak euskaraz paratzeko aukera izanen dugu.

Haurraren izena hautatzea haurdunaldian gurasoek hartzen duten erabakia da, baina badira gehiago, jakina; besteak beste, euskarak oro har familian izanen duen lekua eta, horretan, ERA izan daiteke bidaide, webgunearen hainbat baliabide lagungarri izan daitezkeelako: Ongi etorri jaio berri gurasoentzako aholkuak, musika eta soinuak haurdunaldian,  familian erabiliko d(ir)en hizkuntza(k) eta horietan seme-alabak nola hazi eta hezi, edo euskararen erabilerarako dekalogoa.

Baliatu ditzagun, beraz, horiek guztiak eta, haurrak sabelean daudela zein sabeletik kanpo, egin diezaiogun euskarari behar adinako lekua.

 

CC BY-SA 4.0