Hilabete gutxi barru jaioko den haurraren izena aukeratzea momentu polita da, berezia, izen horrek pertsona hori identifikatuko duelako eta hezur-haragizko harremanen munduan kokatuko duelako; jaioberriarentzat nor izateko bidearen hasiera delako.

Erabaki garrantzitsua da gurasoentzat, beraz, batzuek erraz hartzen dutena, baina beste batzuentzat buruhauste ugari ekartzen dituena. Izan ere, bizitzako beste edozein gairekin gertatzen den bezala, bakoitzak bere lehentasunak ditu; besteak beste: izen originala izatea, modan egotea, ahoskatzeko erraza izatea, familia-tradizioa mantentzea edo ingurukoentzat ezaguna izatea.

Aukeraketa horretan laguntzeko, hemen dituzue hiru erreferentzia:

Euskaltzaindia

Honako zerrenda da erregistro ofizialek erabiltzen dutena gurasoek daramaten proposamena kontrastatzeko. Gainera, jatorriari zein esanahiari buruzko azalpen labur bat ere ematen du.

Izen neutroen zerrenda

Badira izen asko neutroak direnak, hau da, genero markarik gabekoak. 500 inguru bildu dira: Amets, Amaiur, Aratz, Haize, Haritzeder, Izar, Ireber…

Euskal izenak

Euskarazko izenen bilatzaile erraza: Mutila ala neskarena, hizki konkretu bat dutenak edo ez dutenak (“h”-rekin, “tz”-rekin…), hizki konkretu batekin hasi edo buka…


Abizenak euskaldundu

Gure abizenak, edo deiturak, aurrekoek emandakoak dira, eta gero guk ondorengoei ematen dizkiegu. Formaz eta itxuraz askotarikoak izan ohi dira, jakina, abizenen jatorriak ere askotarikoak direlako. Eta horietako asko, bistan denez, euskal jatorrikoak edo euskarazkoak dira, zenbaitetan erdararen grafiaz janzten baditugu ere.

Izan ere, oso ohikoa da, hainbat arrazoi direla medio, euskarazko abizenak erdal grafiaz idatzita ikustea nortasun agirietan, ofizialki hala erregistratuta ditugulako: Echeverria, Ochotorena, Aguirre… Eta ondorioz, halaxe dituzte gure seme-alabek ere.

Euskarazko deiturek badute, ordea, beren grafia propioa, eta euskaraz idazteko modu zuzena, eta hizkuntza duintzeko eta zaintzeko beste modu bat da alderdi horri ere begiratzea.

Euskal abizenak

Euskarazko deiturek badute grafia propioa, eta euskaraz idazteko modu zuzena. Euskaltzaindiaren web gunean kontsultatu daiteke grafia zuzen hori zein den.

Jarraibideak

Abizenak ofizialki euskal grafiaz jartzeko: norbera erroldatuta dagoen udalerriko erregistro zibilera joan erroldatze-ziurtagiria, jaiotze-agiria eta NANarekin, eta bertatik eginen dute tramitazioa.

Prozesua erraza da:

Beharrezko agiriak: NAren kopia, Errolda agiria, Familia liburua, Jaiotze agiria (hitzez hitzekoa). Bizi zaren tokiko bake-epaitegira edo erregistro zibilean eska daiteke, edo, bestela aplikazio honen bidez.

Prozedura: Eskatzaileak bizilekuaren arabera dagokion Erregistro Zibilean edo Bake Epaitegian egin behar du. Izapidea doakoa da.

Prozesua bukatutakoan dokumentu guztiak berritu behar dira: karnetak, titulu akademikoak, bankuak, Gizarte Segurantza eta abar.