Gure bizitzaren eta gure bizimoduaren ezaugarri garrantzitsua da aldaketa. Eta askotan harekiko nolabaiteko erresistentzia agertzea ohikoa eta normala den arren, ez genioke aparteko beldurrik izan behar, alderantziz, ekar ditzakeen onurengan pentsatu beharko genuke.
Aldaketak, jakina, bizitzako hamaika arlotan gertatzen dira, eta horietako bat da hizkuntza ohiturena. Izan ere, pixka bat erreparatuz gero, berehala ohartuko gara guk geuk edo gure inguruko hainbatek, bizitzan zehar, behin baino gehiagotan aldatu ditugula hizkuntza ohiturak: garai batean hizkuntza jakin batean hitz egiten genuen lagun harekin, orain beste hizkuntza batean hitz egiten dugu. Edo hizkuntza batean irakurtzen edo egiten genuen hura, orain beste batean irakurtzen edo egiten dugu.
Hizkuntza ohiturak lantzea, beraz, gauza egingarria da, eta horren lekuko dira, esate baterako, euskara ikasi duten eta orain normaltasunez erabiltzen duten horiek guztiak. Milaka eta milaka lagun, garai batean erdaraz egiten zuten hura gaur egun euskaraz egiten dutenak. Bilakaera hori gerta daitekeela erakutsi eta frogatu dute, praktikan eta eraginkortasunez: euskaraz egiten dute orain lagunekin, seme-alabekin, ezagunekin, lankideekin… eta edonorekin. Norabide horretan abiatu den ariketa kolektibo indartsua da Euskaraldia ere.
Ahalegina eskatzen duela? Baliteke, baina ematen duena baino errazagoa da eta batez ere hasierako unean gertatzen da. Behin hasita, dena errazagoa da, eta egoera edo erabilera berria ohitura eta normaltasun bihurtzen da neke handiegirik gabe.
Non dago gakoa? Bada, ziur asko, erabakia hartzean eta konstantzian. Gure hizkuntza ohiturak aztertuz gero, eta aldatu nahi duguna zehaztuz gero, erabakia hartzeko unea iristen da, eta erabaki irmo eta hausnartu batek aldaketarako bidea erakutsiko digu. Urratsak askotarikoak izan daitezke, eta erritmoak ere bai, norberaren ezaugarrietara eta beharretara egokituta.
Gurasoek ere, zer esanik ez, urrats hori egin dezakete, euskarari gero eta espazio handiagoa emanez. Beren artean, jakina, baita seme-alabekin edo inguruko beste edonorekin ere. Proba ezazu, eta ez zara damutuko!
Mundua aldatu behar dela entzutea hain ohikoa bihurtu den honetan, eta hori egin daitekeela pentsatzen badugu, zergatik ez hasi txikitik? Izan ere, ongi pentsatuta, euskara bezalako hizkuntza bati toki handiagoa ematea bera, hori ere mundua aldatzeko eta hobetzeko modua izan daiteke. Ekin diezaiogun, bada!
CC BY-SA 4.0