Familiek eta ingurune hurbileko helduek funtsezko papera jokatzen dute haurren garapenean, umeek izaten dituzten lehen harreman pertsonalak familiako kideekin izaten baitituzte. Haurrek familian hartzen dituzte lehen ikaspenak, tartean, hizkuntzak, eta horiei ematen zaien balioa eta garrantzia. Eta familiako heldu batzuek euskaraz baldin badakite eta besteek ez?
Gurasoak haurren eredu izan ohi dira, eta haien portaera asko seme-alabek bere egiten dituzte, besteak beste, hizkuntzekiko jarrerak eta portaerak, hau da, umeek hizkuntza bakoitza noiz, non, norekin… erabiltzen duten ikasiko dute, eta ziur aski, berdintsu jokatuko dute.
Familia beraren kontzeptua askotarikoa da. Hala, seme-alabak dituztenen artean eredurik zabalduena etxe berean seme-alabekin bizi diren bi guraso bada ere, beste hainbat egoera egon daitezke: bikotekide berria, aitatxi edo amatxi, zaintza behar duen heldua, langileak…
Umearentzat oso garrantzitsua da euskara ere etxeko hizkuntza izatea, horrela hizkuntza menperatzen joanen da, eta euskararekiko atxikimendu handiagoa izanen du. Kontuan izan behar da praktika dela gakoa, zenbat eta gehiago entzun eta hitz egin, orduan eta euskara maila hobea lortzen da, eta hori oso lagungarria izanen da ikastetxean landuko diren ikasgai guztietarako.
Ideia horiek oinarri, ERAk proposamen zehatzak egin nahi dizkie etxeko guztiek euskaraz egiterik ez duten familiei:
Etxeko kide GUZTIEK, euskaraz jakin zein ez:
- Adostu hizkuntza praktikak etxeko beste kideekin: etxean euskaldunak eta erdaldunak daudenean, zenbaitetan gertatuko da euskarazko elkarrizketak daudela eta horiek ez dituztela guztiek ulertuko. Komeni da horri buruz hitz egitea eta hizkuntza praktikak adostea euskarari tokia emanez.
- Haurrarekin elkarrizketa asko izan, nork erosoen duen hizkuntzan.
- Kulturan euskara lehenetsi: film, ipuin, musika, marrazki bizidun eta antzekoetan, bai etxean, baita etxetik kanpo ere. ERAko baliabideen atalean eta agendan hainbat proposamen daude.
- Euskarari presentzia eman etxeko hizkuntza paisaian (etxeko ordenagailu, telefono eta antzekoen hizkuntza euskara izatea, irratia, telebista, egutegia, egunkariak eta aldizkariak, hozkailuko oharrak, erosketa egiteko zerrenda…).
- Biografia linguistikoak: gurasoek beraien hizkuntzarekin lotutako bizipenak kontatzea ere ideia on-ona da: euskara zergatik ikasi zuten edo zergatik ez, nola… Izan ere, seme-alabak hazi ahala, gero eta ulermen handiagoa dute eta aita-amek kontatutakoak baliagarriak zaizkie euskarari lotzeko.
Guraso edota etxeko kide EUSKALDUNAK:
- “Zer ikusi, hura ikasi”, guraso euskaldunaren hizkuntza ohiturak: gurasoetako bat euskalduna bada, seme-alaben erreferentea izanen da euskararen erabilerari dagokionez. Beraz, gurasoak erdaraz egiten badio haurrari edo inguruko euskaldunei, haurrak interpretatzen ahal du ez dela hain garrantzitsua euskaraz egitea. Beraz, hizkuntza ohitura horiek euskarara aldatzea komeni da, eta egin daiteke.
- Hizkuntza jokaera koherentea izan. Tartean pisuzko arrazoirik ez badago, umeari egin beti euskaraz, ez batzuetan euskaraz eta beste batzuetan gaztelaniaz.
Guraso edo kide ERDALDUNAK, edo euskara PIXKA BAT dakitenak:
- Euskararekiko jarrera positiboa adierazi eta transmititu. Nola? Guraso euskaldunaren eta haurraren arteko elkarrizketak ulertu ez arren, erdaldunak jokaera hori ulertu eta babestu dezake. Horrek guraso euskaldunaren hautua indartu eta sustatu eginen du, eta haurraren erabileran eta euskararekiko jarreran eragin positiboa izanen du. Guraso erdaldunak ezingo du hizkuntza aldetik erreferentziala izan, baina bai jarrera aldetik.
- Euskararekiko atxikimendua eta interesa adierazi. Nola? Bada, esaterako, euskara erabiliz eguneroko errutinetan: agurretan edo esamoldeetan (egun on, gabon, maitea, laztana…), adierazpenetan (goazen komunera, lolo egitera, etxera), haur kantak ikasiz eta kantatuz, haur txikiekin jolastuz (Jolasak eta Solasak, Xaldun Kortin)…
- Eta euskara pixka bat baldin badakizu, baina nahi duzun guztia esateko mugatuta sentitzen bazara, une zehatzetan eta baldintza erosoetan saiatzea da kontua.