@eranafarroa
Euskaraldia aktibo Haurrak eta gurasoak Euskaraldia
ESKOLANETXEAN

Izan guraso aktibo Euskaraldia aktibo batean

Hemen dugu Euskaraldia, berriz ere ate joka. Ariketa soziala da, zabala, parte-hartzailea, irekia eta dinamikoa. Euskaraldia aktibo batek, hortaz, guraso aktiboak ere behar ditu.

Aurten nobedade gisa, gainera, udaberrian izanen da: maiatzaren 15etik 25era. Hamasei urtetik gorako herritarrentzako da, eta bi modutan har daiteke parte. Batetik, gurasoak norbanako gisa izena eman dezake Ahobizi edo Belarriprest rola hartuz eta, bestalde, haurraren eskola eta guraso elkartea xaxatu ditzake Euskaraldian modu aktiboan parte hartzera.

Ezagunak dira Ahobizi eta Belarriprest rolen konpromisoak. Lehenak, euskaraz ulertzen duten guztiekin euskaraz eginen du, nahiz eta parean duen pertsonak gaztelaniaz erantzun. Belarriprestak, baliteke euskaraz hitz egiten ez jakitea, baina ulertzen du, eta berari euskaraz egitea nahi du, gainera. Horregatik aldiro erabakiko du euskaraz norekin, noiz edota non egin, baina euskara dakitenei harekin euskaraz hitz egiteko eskatuko die modu esplizituan.

Eta entitateek, eskolek zein guraso elkarteek adibidez, nola parte har dezakete? Bada, entitate bezala izena emanez eta konpromisoak hartuz:

  1. Guraso elkarte eta eskola bezala izena eman: https://euskaraldia.eus/entitateak/
  2. Entitateko kideei Euskaraldiaren berri eman eta Ahobizi edo Belarriprest izan daitezen animatu.
  3. Hausnartu zer den Euskaraldian parte hartzea, nola jokatu aukeratutako rolean , nola lagundu Euskaraldia garaian…
  4. Euskaraldia ikusgarri egin ariketan parte hartzen dutela erakutsiz (txapa jantzi, barne eta kanpo komunikazioa landu, espazioak apaindu, eta abar).
  5. Eskolaren kasuan, ikasgelan Euskaraldiaren proposamen didaktikoak erabili: https://euskaraldia.eus/proposamen-didaktikoak2025/

Gainera, arestiko konpromisoez gain, modu sakonagoan parte hartzeko aukera ere badute entitateek, esaterako, beraien hamaikako propioa osatuz, edo girotzen hasteko ekitaldiak antolatuz, edo jolastokian Euskaraldiaren abestia jarriz, edo koreografia prestatuz eta plazan dantzatuz, edo etxerako aholku hauek jarraituz.

Ikusi Zizur Nagusian osatutako hamaikakoa. Bertan hainbat gurasok eta irakaslek bat egin dute:

Euskaraldiaren abestia: Bulego taldearen Gure bihotzaren taupadak

Abestiarekin koreografia (egunotan argitaratuko dugu, argitaratzen denean eguneratuko dugu artikulua)

CC BY-SA 4.0