ARG: Pexels - Biova Nakou
aita-alaba jostatzen
ESKOLANETXEANKANPOAN

Nola jokatu dezakete guraso euskaldunek?

Familiek eta ingurune hurbileko helduek funtsezko papera jokatzen dute haurren garapenean, umeek izaten dituzten lehen harreman pertsonalak familiako kideekin izaten baitituzte. Haurrek familian hartzen dituzte lehen ikaspenak, tartean, hizkuntzak, eta horiei ematen zaien balioa eta garrantzia.

Gurasoak haurren eredu izan ohi dira, eta haien portaera asko seme-alabek bere egiten dituzte, besteak beste, hizkuntzekiko jarrerak eta portaerak, hau da, gurasoek hizkuntza bakoitza noiz, non, norekin… erabiltzen duten ikasiko dute, eta ziur aski, berdintsu jokatuko dute.

Umearentzat oso garrantzitsua da euskara etxeko hizkuntza izatea, horrela hizkuntza menperatzen joanen da, eta euskararekiko atxikimendu handiagoa izatea lortuko du. Kontuan izan behar da praktika dela gakoa, zenbat eta gehiago entzun eta hitz egin, orduan eta euskara maila hobea lortzen da, eta hori oso lagungarria izanen da ikastetxean landuko diren ikasgai guztietarako.
Ideia horiek kontuan hartuta, ERAk proposamen zehatzak egin nahi dizkie guraso euskaldunei. Hona hemen:

  • Gurasoek eta ingurune hurbileko helduek gaztelaniaz aritzeko ohitura baldin badute elkarren artean edo euskaraz dakiten gainerako helduekin, umeak ere joera hori har dezake. Hizkuntza ohitura horiek euskarara aldatzea komeni da, eta egin daiteke. Umeek hizkuntzak erabiltzeko gizarte arauak eta horien arteko hierarkia ere barneratzen dituzte.
  • Hizkuntza jokaera koherentea izan. Tartean pisuzko arrazoirik ez badago, umeari egin beti euskaraz, ez batzuetan euskaraz eta beste batzuetan gaztelaniaz.
  • Haurrarekin elkarrizketa asko izan. Denbora eman behar zaio hitz egiteko, esaten ari den horretan interesa jarri eta erosotasunez hitz egiten utzi behar zaio. Eta laguntza behar baldin badu, eskaini.
  • Euskaraz erosoen sentitzen zareten moduan hitz egin: zuen euskalkian, herriko hizkeran, ikasi duzuen horretan… Umeak eskolan ikasiko ditu hitz egiteko modu formalagoak.
  • Ziurtatu euskararen presentzia film, ipuin, musika, marrazki bizidun eta antzekoetan, bai etxean, baita etxetik kanpo ere. ERAko baliabideen atalean eta agendan hainbat proposamen daude.
  • Euskarari presentzia eman etxeko hizkuntza paisaian (etxeko ordenagailu, telefono eta antzekoen hizkuntza euskara izatea, irratia, telebista, egutegia, egunkariak eta aldizkariak, hozkailuko oharrak, erosketa egiteko zerrenda…)

CC BY-SA 4.0