BALIABIDEAK

Pertsona aitzindariak murgiltze eredu kulturaniztunean

Urtez urte, euskara gero eta gehiago zabaltzen ari da, gazteen artean batez ere, eta hori gertatzen ari da hein handi batean euskarazko murgiltze ereduari esker, familia askok hautatzen baitute. Batzuek argi izaten dute hasieratik, baina egia da belaunaldi bakoitzak zalantza ezberdinei aurre egin behar izan diela erabakia hartzeko orduan.

Duela bost hamarkada baino gehiago, adibidez, lehen eskolak eta ikastolak abian jarri zirenean, familia euskaldunek galdetzen zioten beren buruari ea seme-alabek gaztelaniaz ongi ikasiko ote zuten. D eredua euskara ez zekiten familietara edo erabilera apalagoko inguruneetara zabaldu zenean, berriz, familia horien kezka zen nola lagundu ahal zieten haurrei eskolako lanekin edo plazan euskaraz egin zezaten. Eta azken urte hauetan, non ikastetxe askok euskara-lerroa ireki berri duten, normala da familia horiek ere aitzindari sentitzea ikastetxean eta herrian. Era berean, beste herrialde edota kulturetatik euskarara etorritako lagunak arduratu egiten dira familiaren herentzia kulturala eta hizkuntzak transmititzearekin batera euskara ere gehitu dadin. Horiek ere aitzindari.

Bidea beste aukera bat zegoela uste zutenek ireki dute beti. Eta horiek, hasierako zalantzak argituta eta egindako hautuarekin asebeteta, beren bizipenak, esperientziak eta pasadizoak partekatu izan dituzte ezagun, lagun, hizkuntza-kide edo kultura-kideekin. Hala, dagoeneko egindako bide baten segurtasuna eta lasaitasuna eman diete.

Honela egin dute, adibidez, Cecilia, Umelfadli, Ernest eta Mahfudak Agoizko Udalaren kanpaina honetan edo Falou, Hugo, Jesús, Graciabel eta Pamelak Guk Euskaraz kanpainan.

Halaber, era.eus-ek D ereduaren inguruko hainbat galderari emandako erantzunak eskaintzen ditu hainbat hizkuntzatan:

Euskara Gaztelania Portugesa Frantsesa Ingelesa Errumaniera Arabiera Bulgariera