Umea izatearekin batera une zoriontsu asko bizi eta, aldi berean, ardura berriak zeureganatzen dituzu. Onena eman nahi izanen diozu, noski, zoriontsu izan dadin eta bizitzan ahalik eta aukera gehien izan dezan. Beraz, hainbat erabaki zure esku daude. Horien artean, besteak beste, zein hizkuntza eredutan eskolatuko duzun aukeratzea.
Aukeraketa horretan, sarritan galderak sortzen dira, MEG: Maiz Egindako Galderak. Bada, horiei erantzuteko jarrain dator D ereduan izena ematearen inguru MEGen erantzunak:
Ingurunea erdalduna dut, bikotekidea, familia, lagunak... Nola lagunduko dut seme-alaba euskara ikasteko prozesuan?
Gurasoak dira seme-alaben erreferentzia nagusia bizitzako arlo gehienetan. “Zer ikusi hura ikasi” dio euskarazko esaera zaharrak eta halaxe gertatzen da hizkuntzen esparruan ere. Hortaz, egin dezakezuen onena da zuen arteko harremana euskaraz eraikitzea: Gurasoak eredu hizkuntza ohiturekin ere. Dena den, horrez gain, honako aukera hauek ere zuen eskura daude:
Euskarazko jardueren agenda, zinemaz, antzerkiaz, ikuskizunez… gozatzeko.
Ideia gehiago behar izanez gero, sartu Dekalogoan. Bertan haurrak euskaraz hazteko 10 aholku aurkituko dituzu.
Eta are urrunago joan nahi baduzu, ez izan zalantzarik eta galdetu zure herriko euskara zerbitzuan.
Etxean euskaraz egiten badugu, eta D ereduan izena ematen badugu, gaztelania ongi ikasiko du?
Bai, haurrak gaztelania ere ongi ikasiko du, eskolaren bidez zein ingurune sozialaren bidez. Izan ere, erdarak presentzia handia dauka bizitzako arlo askotan eta, jakin badakigu, haurrak uneoro hizkuntzak ikasten ari direla, ez bakarrik eskolan daudenean. Euskararen erabilerari dagokionez, zu zara zure haurraren eredua eta zure erabilera ohiturak erabakigarriak dira berarentzat. Inguruko euskaldunekin euskaraz egiten duzun heinean, hala eginen du zure seme-alabak. Gainera, euskalkian egiten baduzu, zure esku dago haurrari altxor hori transmititzea. Ez galdu aukera hori!
Nafarroara etorri diren lagun edo ezagunak ditut eta D ereduaren gaineko informazioa eman nahi diet beraien hizkuntzan. Nola egin?
Gurasoek maiz egindako galderak egokitu egin ditugu eta hainbat hizkuntzatara itzuli: euskara, gaztelania, arabiera, frantsesa, portugesa, ingelesa, bulgariera eta errumaniera.
Etxean euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat daukagu. Ez da gehiegi izanen?
Ez, aukera bikaina da etxean beste hizkuntza bat ere transmititu ahal izatea. Gainera, haurrak eleaniztasunean ongi moldatzeko gai dira. Agian denbora gehiago beharko dute hizkuntza guztietan ongi hitz egiteko, baina garrantzitsuena azken emaitza da, ez dena ahalik eta azkarren ikastea. Prozesuan lagungarria da haurrekhizkuntza bakoitza pertsona batekin edo ingurune jakin batekin identifikatzea, errazago ikasten baitute. Hori dela eta, primeran dator errutinak eta ohiturak ongi finkatzea eta beti-beti errespetatzea.
Euskara ikasten ari naiz. Zer da hobe, dakidan hori haurrarekin hitz egitea, ala ez?
Euskaraz mintzatzeko tarteka mugaturik sentitzen bazara, lasai, ez estresatu. Aukeratu egoera eta une erosoak, eta horietan ahalegindu. Egokia izan daiteke, esate baterako, eguneroko errutinekin hastea. Eguneko jarduera bakoitzak aukera ematen du errutina goxoak sortzeko: goizean ohetik salto egitean, eguerdian indarrak berritzean… Den-dena ongi esaten ez baduzu ere, zure ahalegina eta motibazioa jasoko dute seme-alabek, euskararekiko interesa eta maitasuna adierazteak pisu nabarmena baitu.Gainera, inguruarekin ere osatuko da, hizkuntza eredu onak izanen baitituzte eskolan.
Zein da nire erreferentziazko eskola? Nire herrikoan ez dago D eredurik. Zer egin dezaket?
Euskarazko eredua hautatu nahi baduzu, bi aukera dituzu. Batetik, sare publikoa daukazu eta Eskola Mapan ikusiko duzu zein eskola dagokizun bizi zaren tokiaren arabera. Bestetik, sare kontzertatuaren kasuan, ikastolak dira euskaraz murgiltzeko eredua eskaintzen dutenak.
Bestalde, gurasoek eska dezakete haien herriko eskolan D eredua zabaltzea. Horretarako instantzia bete behar dute eta erregistroaren bidez sarrera eman Hezkuntzako zuzendari nagusiari bideratuta. Kontuan izan behar da Hezkuntzak D eredua eskola batean zabaltzeko aukera aztertzean, beste hainbat faktoreren artean kontuan hartuko duela zenbat haurrek eskatzen duten hori; zenbat eta eskatzaile gehiago, are eta aukera gehiago eskaerak aurrera egiteko.
Nola funtzionatzen du murgiltze linguistikoaren metodologiak?
Hizkuntza-murgiltzearen oinarria da ikaslea bere lehen hizkuntza ez den beste batean eskolatzea, eskola-edukiak ikasten dituen bitartean bigarren hizkuntza hori ikas dezan: Murgiltze linguistikoa eta hizkuntza eleanitza. Gaur egungo ikuspuntuak hezkuntza eleanitza kontuan hartzen du eta atzerriko hizkuntzak ezagutzea ere helburuen artean jartzen du.
Zer egin dezaket etxeko lanetan laguntzeko?
Lan egiteko ohitura eta eskolaren eta familiaren arteko komunikazio ona dira gako nagusiak. Edozein modutan, komeni da hezkuntza arloko profesionalek (irakasleek, pedagogoek) behin eta berriro azpimarratutako hainbat puntu nabarmentzea: irakurri Etxeko lanak.