Udako oporrak: atsedena, liburuak, hondartza eta euskara
Musika eskolako kontzertua, gimnastika erakustaldia, txangoak, eskolako ikasturte amaierako festa… ekainean ohikoak izaten diren jarduera eta hitzordu hauek azken txanpara iritsi garela erakusten digute. Oporrak hartzeko deseotan gaudela ere ezin ukatu, jada pentsatzen hasiak baikara zein tokitara joanen garen, nolako planak eginen ditugun, zer bisitatuko dugun, zerbait berria probatuko dugun…
Deskonexioa ez dadila, ordea, erabatekoa izan, probestu ditzagun egun luze horiek gure txikiekin planak egiteko, gozatzeko, eta euskarari zukua ateratzeko. Izan ere, udaldia luzea da, eta guztiok dakigu hizkuntza bat hitz egiteaz uzten bada, denbora batez bada ere, aurretik garatutako gaitasunek ere atzera egiten dutela. Hortaz, komeni da oporretako planak eta euskara uztartzea, hizkuntza erabiltzeko baliabideak eskainiz; izan ere, ongi pasatutako momentuak eta oroitzapen politak sortu dizkigunak betirako gordetzen ditugu, bizipen bereziak izan direlako. Gainera, momentu horiek euskaraz bizi izan baditugu, are eta hobeki, errazago txertatuko baita euskararekiko maitasuna/ lotura.
Igerilekuan, hondartzan, mendian, edo etxean, zauden tokian zaudela, askotariko proposamenak ditu ERA-k, eta euskarari lekua egiteko aproposak, gainera:
- Etxean, lasai gaudela, edo igerilekuko arratsalde luze horietan ipuinak irakurri edo entzun eta ipuin interaktiboekin gozatu dezakegu, musika, app-ak eta mahai jokoak, baliatu ditzakegu, baita haiekin hizkuntza lantzeko formulak, esku-jolasak edo igarkizunak ere.
- Uda garaia aparta da kalean aritzeko eta plazan, lagunekin, betiko jolasetan aritzeko.
- Umeekin mendira joan, paseotxo bat emanez, eta erreka bazterrean harriak botatzen dituzten bitartean bertako istorioak, toki-izenak, hitz berriak ezagutzeko hamaika aukera dago.
- Kultur agendarekin gozatzeko aitzakiarik ere ez da egonen, Nafarroako herrietako jaietan proposamen ugari izanen baitira. Horien guztien berri izateko ERAren agenda begiratu.
Bada, oporretan ere euskaraz gozatu!!
CC BY-SA 4.0