ARG: Pixabay
ETXEAN

Ba al dakizu zenbat dagoen zure esku?

Uneoro eta etengabe ari gara erabakiak hartzen. Horietako batzuk txikiak eta oharkabean pasatzen zaizkigunak dira: zer hankarekin emango dudan hurrengo urratsa, galtzerdi pare bat edo beste jantzi…; beste batzuk, berriz, ohituraz kamuflatuak: erosketak beti leku berean egitea, irratia piztu gosaltzeko, lagunarekin erabiltzen dugun hizkuntza…; eta beste batzuk, azkenik, erabakia hartzeko geure arreta eskatzen dutenak: zein eskolatan matrikulatu haurra, soineko berdea ala urdina jantzi…

Bada, haurrek euskara ikasteko prozesuan, erabaki handiek bezainbesteko garrantzia dute ohituraz ezkutaturik hartzen ditugun erabakiek. Jarraian dituzu horren guztiaren inguruko irizpide gako batzuk:

Eredugarri, “sarri egitea, giltzarri”:

Eredugarri izan, eta horri eutsi: haurren begitara ez da ezer eskapatzen eta berehala ohartzen dira beraiekin euskaraz baina koadrilakoekin erdaraz egiten baduzu. Euskara nonahi eta noiznahi erabiltzea da, ziur asko, ekinbiderik eraginkorrena, bai telefonoa hartzean lehen hitza egiten dugunean, bai dendari ezezagunarekin ari garenean. Hizkuntza-ohiturak etxe barruan goiz ezartzen direla gogoan izan, gero aldatzeak beti ekarriko baitu ahalegin handiagoa.

Hautatu, “hau, ta hau, ta hau, ta hau, … hautatu euskaraz”:

Haurrentzako eskaintzan euskarazko aldaera badago, hori aukeratu. Izan kirola, musika-eskola, margoketa, kultur eskaintza (antzerkia, zinema, pailazoak, magia…) edota etxean erabiltzekoa (ipuinak, komikiak, audio-ipuinak, jokoak…) euskarazkoa hautatzeak eragin zuzena izan dezake hizkuntzaren ikaskuntza prozesuan. Horren bitartez ateak irekitzen zaizkio hizkuntzari, oso testuinguru desberdinetan moldatzeko aukera ematen delako. Horrela, bada, erregistro eta hizkera guztiak eskuratzen dira: eskolan akademikoa, etxean familia inguruko erregistro informala, plazan lagunartekoa, kirolean kiroletako hiztegia eta esamoldeak….

Eragin, “ba ote den galdegin eta, ez bada, eskaera egin”:

Toki, garai edo arlo orotan ez dago nahiko genukeen euskarazko eskaintza. Edonon gertatzen ahal da. Askotan, adibidez, futbolaren mundua erdalduna da haur guztiek euskara dakiten herrietan ere. Beste batzuetan, euskarazko eskaintzarik ez da egiten ustez eskaririk ez dagoelako, ohiturarik ez dutelako… Horrelakoetan, familien nahi eta beharrak agerian jartzea izan daiteke eskaintza bermatzeko modu bat; alegia, ez dagoen tokietan egon dadin eskatzea: kirol taldean, kultur elkartean, musika eskolan, udalean, mankomunitatean…

Aztertu, “estresik gabe ohiturak aztertu, kontzientzia hartu, birplanteatu eta, agian, hobetu

Une lasai bat bilatu, erlaxatu, hartu gogoko duzun edaria eskuan, kafe lurrina, fruta-zaporeko tea, ardo ondu kopa… eta pentsatu semearen/alabaren egunarekin, eguneko egoerekin, egoera horiek zenbat irauten duten eta norekin ematen dituzten, eta horietan nagusiki egiten den hizkuntza zein den. Gabeziarik? Aukerarik? Hobetzerik? Hautatzerik? Eragiterik?

Eguneroko erabaki txikiek, maiz,
bizitzako erabakien tamainako eragina dute
geuregan eta geure ingurukoengan.

 

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat