Euskara biziberritzen ari da. Oraindik bide luzea du aurretik, baina ezagutzak gora egin du etengabe azken hamarkadetan. Ikerketak egiten dira aldian-aldian eta horixe bera nabarmentzen dute Nafarroari dagokionez: euskarak gero eta hiztun gehiago ditu eta hori askoz nabariagoa da belaunaldi gazteenetan.Euskara dakienak, gehienetan, euskara transmititzen die seme-alabei, eta horrela ondorengotaratzen da hizkuntza. Baina, ez da hori modu bakarra. Izan ere, asko dira euskara eskolan ikasten duten haurrak. Euskararen hedapena, beraz, D ereduari edo euskarazko murgiltze ereduari zor zaio neurri handi batean. Familia askok aukeratzen dute, gurasoek euskara jakin ala ez.
D eredua hautatzerakoan familia batzuek oso argi dute, hasieratik edo aspalditik ere. Erabaki hori berekin bat baitaramate, barru-barruan, askotan beraiek ere euskaraz ikasi zutelako edo beren etxeko hizkuntzetako bat euskara baitzen. Baina nabarmendu beharra dago zenbatek egiten duten euskararen aldeko hautua seme-alabentzat, nahiz eta euskaraz hitz egiten ez jakin. Asko dira kopuruz, eta askotarikoak dira familien ezaugarriei begira. Atzean dauden motibazioak, nahiak, espektatibak, familia tipologiak, jatorriak… askotarikoak dira. Denetik dago, euskarak besoak zabalik hartzen dituelako haur guztiak. Haur guztiei eta haur bakoitzari toki berezia egiten dio.
Nolanahi ere, ezin da ukatu hautuak beti ez direla errazak. Gainera, familien kezkak aldatuz doaz, bai denboran, baita geografian ere.
Lehen, orain bost bat hamarkada, adibidez, familia euskaldunek galdetzen zioten beren buruari ea seme-alabek gaztelaniaz ongi ikasiko ote zuten. Berehala uxatu zuten duda hori.
D eredua euskara ez zekiten familietara edo erabilera apalagoko inguruneetara zabaldu zenean, berriz, familia horien kezka zen nola lagundu ahal zieten haurrei eskolako lanekin edo plazan euskaraz egin zezaten.
Eta azken urte hauetan, batez ere, euskarazko hezkuntza lurralde osora zabaldu denetik, ikastetxe askok euskara-lerroa ireki berri dutenez aitzindari izatea ere egokitu zaie batzuei. Eta bide berriak urratzeak izaten du gehienetan aparteko zirrara bat.
Era berean, badira beste autonomia erkidego, herrialde edota kulturetatik etorritako lagunak, seme-alabei beren familiaren herentzia kulturala eta hizkuntzak transmititzearekin batera, euskara ere eskaini nahi izan dietenak, bertako kulturarekin bat egin nahi dutelako, euskara ikastea gehitzea delako edo beste hamaika arrazoi dituztelako. Are gehiago, askori galdetuta “zergatik aukeratu duten D eredua”, hona zer erantzuten duten: “Eta zergatik ez?”
Euskarazko hezkuntza eredua errotuta dago Nafarroan. Ez da berria, ez da esperimentala. Esperientzia handia metatu da eta ongi baino hobeki erakutsi du, gainerako ereduetan bezala, eskola-ibilbide osoa egiteko balio duela, baina gainera euskara ikasiz, baita gaztelania eta ingelera, jakina. Gurasoek hoberena eskaini nahi diete seme-alabei eta horregatik normala da kezkak izatea, eta horregatik garrantzitsua da batzuen eta besteen esperientziak ezagutzera ematea eta partekatzea. Askotan horixe bera azpimarratzen dute guraso askok: zenbat lagundu dien beste familia batzuen esperientziak ezagutzeak.
Horri begira aritu dira Cecilia, Umelfadli, Ernest eta Mahfudak Agoizko Udalaren kanpaina honetan edo Falou, Hugo, Jesús, Graciabel eta Pamelak Guk Euskaraz kanpainan.
Halaber, Eranafarroak D ereduaren inguruko galderei erantzuteko, bide ezberdinak landu ditu. Esteka honetan, adibidez, Yolanda Olasagarrek adituaren bideoa dugu eta hemen behean, aldiz, gurasoek maiz egiten dituzten galderei erantzunak bildu ditu hainbat hizkuntzatan:
CC BY-SA 4.0