© ERA
ETXEAN

Erdaraz ari dira-eta!

Euskaraz ikasten ari diren haurrak, anai-arrebak, edo lagunak, edo ezagunak, beren artean hizketan eta, “Hara! Erdaraz ari dira-eta!”. Behin baino gehiagotan, nahi baino gehiagotan, ikusten da. Euskaraz eskolatutako haurrak, euskaraz hitz egiten badakitenak, eta gaztelaniaz ari dira. Horrek, jakina, ezinegona eta kezka sortzen dio hainbat gurasori, etsipena edo haserrea ere bai hainbatetan.

Zer egin, ordea?

Hasteko, egoera ongi ulertzen saiatu behar da, eta hori zergatik gertatzen den jakiten. Eta, espero zitekeen bezala, azalpena ez da sinplea eta bakarra. Bi  hizkuntza edo gehiago dakizkiten haurrek –eta helduek- egiten dituzten hizkuntza hautuetan faktore askok eta oso pisutsuek eragiten dute: norbera hizkuntza bakoitzean nola moldatzen den, norainoko erraztasuna daukan; ingurune soziolinguistikoa nolakoa den; harreman-sarea eta ingurukoek erabiltzen duten hizkuntza; hizkuntza-paisaia; hizkuntzarekin daukagun harreman afektiboa; bizitzako espazio ezberdinetan zein den hizkuntza nagusia; gustuko eta ez-gustuko jarduerak zein hizkuntzatan egiten ditugun; hizkuntzen inguruan jasotzen diren mezuak; eta abar.

Horien guztien batuketak eragiten du haurrek hizkuntza bat edo bestea hautatzea. Oso baldintzatuta dagoen erabakia da, beraz. Argi dago, bestalde, ezagutzak ez duela automatikoki erabilera ekarriko, beste zerbait ere behar dela. Eta jakina da, haurren ingurua zenbat eta erdaldunagoa izan, orduan eta gehiago lerratzen direla erdarara. Ez dago hor misterio handirik, eta hizkuntza gutxituen ezaugarri arrunt bat da.

Zer egin egoera horren aurrean?

Haurrek euskaraz egiteko helduek asko egin dezakete: hasteko, euskaraz baldin badakite, elkarren artean eta haurrekin erabili, eredu izanez. Hizkuntza transmititzeaz gainera, hizkuntzarekiko atxikimendua eta interesa transmititzea ere garrantzitsua da, horrek ere eragiten baitu. Etxetik hasi behar da, beraz. Eta etxean ere hizkuntzak hamaika sarbide dituenez, horietan ere euskarari ateak ireki behar zaizkio telebista, jostailuak eta jokoak, ipuinak, musika, aplikazioak, liburuak…

Etxetik kanpora euskara ikustea eta erabiltzea ere ezinbestekoa da: eskolan euskaraz ariko dira, baina eskolaz kanpoko jarduerak ere eginen dituzte, aisialdiarekin lotutako hainbat bizipen izanen dituzte, eta horietan euskara presente egoteak berebiziko garrantzia dauka, ludikotasunarekin eta atseginarekin lotzeak euskararekiko atxikimendua eta harremana sendotuko duelako eta horrek euskararen erabilera lagundu dezakeelako. Horrenbestez, eten gabe jarraitu behar da euskarari ateak irekitzen eta haurren eguneroko bizitzan euskarari tokia egiten. Erabilera hori bultzatzeko eta indartzeko hainbat baliabide ditu ERA.eus-ek, lagungarri izanen dituzuenak.


Nolanahi ere, urteak aurrera joan ahala errazagoa izanen da seme-alabek euskararen inguruko hautu kontziente bat egitea. Une hori iristen denean euskaraz jakinen dute, euskaraz eskolatuak izan direlako, eta, horretaz gainera, urte hauetan guztietan etxean hizkuntzarekiko atxikimendua landu baldin bada, errazagoa izanen da hautu kontziente hori euskararen aldekoa izatea.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat