Ba al dakigu noiz erabiltzen duten seme-alabek euskara gehien? Eskolan eta plazan berdin hitz egiten al dute? Lagunekin eta gurekin? Zerk eragiten du? Gurasoek eraginik dute edo eraginik izan dezakete?
Euskaraz gehiago hitz egiteko pizgarriak oso bestelakoak dira, noski. Etxean baliatzekoak ere badira horien artean. Esate baterako, euskara momentu goxo edota une bereziekin lotzea ideia ona da. Are gehiago, une horiek egun osoan zehar ongi banatzea. Izan ere, horrela, txiri-miri efektua lortzen da: poliki-poliki busti eta ohartu orduko, barruak euskarak blaituak!
Goizak, heldu askorendako, lasterka ibiltzekoak dira: esnatu, dutxa, jantzi, gosaldu eta ospa!
Baina, haurrak tarteko, patxada handiagoz ere joka daiteke. Esnatzerakoan, adibidez, egunero euskal kantu batekin egiteak euskarazko bizipen bat emanen die, atsegina, polita, etxeko goxotasunean gertatuko dena, beraien logelan; ez eskolan, ez eremu arautu batean.
Eta era berean, eskolara elkarrekin bazoazte, oinez nahiz autoz, euskarari une berezia eskaintzeko aukera izan daiteke: asmakizunetan ibiltzeko, ikusi-makusika, aho-korapiloetan, abesten…
Etxe bakoitzaren unibertsoan goizak modu desberdinean bizi dira eta batzuek marrazki bizidunak ikusteko probestuko dute eta beste batzuek tabletan ibiltzeko; batzuk autobusez joanen dira eta beste batzuek aitatxi-amatxiekin eginen dute eskolarako bidea… Euskara une zehatz batekin lotzeko aukerak bakoitzak aztertu beharko ditu eta gehien komeni zaionari heldu. Azken batean, nahiz eta haurrei euskararekiko maitasuna eta atxikimendua ekintzen bidez adieraztea ez izan nolanahiko helburua, estrategia erraza da eta baliabideak eskura daude.
Ohetik jaikitzeko kantak:
- Esnatzen: http://www.kimutx.eu/kimutx-kantak.php
- Arropa jantzi: http://www.kimutx.eu/kimutx-kantak.php
- Eskolara goaz: http://www.kimutx.eu/mp3/abestiak/01%20-%20Eskolara%20goaz.mp3
Eguneko uneak seriea:
I GOIZA: Ohetik salto!
II EGUERDIA: Indarrak berritu
III ARRATSALDEA: Jolastera!
CC BY-SA 4.0