Eguerdiko bazkariarekin indarrak berritu eta arratsaldeko lehen orduak eskolan pasa ondoren, jolasteko tenorea izaten dute haurrek. Gogo biziz ateratzen dira, gainera, baina erritmoari eutsi ahal izateko komeni da atseden hartzea eta zerbait jatea.
Bokata edota fruta jaten duten bitartean ipuin bat kontatzeak lasaituko ditu. Une horretarako aproposa da, esaterako, “Meriendatzera etorri zen tigrea”.
Sofia eta tigre marradun iletsuaren istorioa entzundakoan bestelako planak eginen dituzte: batzuek eskolaz kanpoko jardueretan parte hartuko dute. Gaur egun badago neska-mutikoen gustuak eta afizioak asetzeko adina eskaintza: kirola, dantza, musika, gai tematikoei buruzko tailerrak, eskulanak… Jakina da osasuntsua eta onuragarria dela taldeko jarduera horietan aritzea, baina ez hori bakarrik, bestelako balioak ere ikasten eta barneratzen dituzte elkarrekin pasatzen dituzten orduetan: laguntasuna, elkarrekiko errespetua, enpatia… baita lagunekin euskaraz aritzea ere. Jolas giroan, kaleko hizkera lantzeko eta sendotzeko modua ematen die beren adinekoekin arratsaldea pasatzeak.
Haur guztiek ez dute, ordea, eskolaz kanpoko jardueretan izena ematen, eta, beraz, beste batzuek jolasten ematen dute arratsaldea. Parkean, plazan, eskola atarian, kiroldegian… nonahi dute lagunartean ongi pasatzeko tokia. Batzuetan harrapaketan, soka-saltoan edo ezkutaketan ariko dira. Aukera zabala dago jolaserako, baita euskarazko baliabide ugari ere. Hona hemen gordeketan erabiltzeko esamolde bat:
Kuriketan, kuriketan
Biriketan, biriketan
Non zaudete?
Ez bazarate ezkutatu denbora izan duzue
Beste une batzuetan, berriz, joko librean ariko dira harri edo makil batekin gauzak asmatuz. Eta hori ere beharrezkoa dute, jostatuz garatzen baitira haurrak. Hezitzaileek eta irakasleek diotenez aspertzeko beta gutxi uzten zaie haurrei eta aspertzen ere ikasi behar dute, horrela irudimena lantzera behartzen dituztelako euren buruak, eta horrek, azken batean, sormenerako gaitasun berriak garatzen laguntzen die.
Eguneko uneak seriea:
I GOIZA: Ohetik salto!
II EGUERDIA: Indarrak berritu
III ARRATSALDEA: Jolastera!
CC BY-SA 4.0