rugby neskak
rugby neskak talde-besarkadan
KANPOAN

Herriko espazioak I: Kiroldegia

Denbora altxor preziatua da,  benetan, baita espazioa ere. Garrantzitsua da gure bizitzan. Izan ere, dela eremu pribatuan, dela publikoan asko zaintzen ditugu tokiak. Etxean, esate baterako, oso agerikoa da, toki berezia ematen baitiegu argazkiei, oroigarriei edota landareei.

Espazio publikoei dagokienez, jende orok erabiltzeko diseinatu eta eraikiak izan dira eta hori bera da giltzarria, alegia, konpartitzeko sortuak direla. Zerbitzu publiko diren heinean, funtzio integratzailea dute, baita bizi kalitatea hobetzeko helburua ere.

Hori dela eta, garrantzitsua da euskarak espazio publikoetan bere tokia hartzea: hizkuntza-paisaiaren bidez, musikaren bidez eta, batez ere, hitz egiteko ohituraren bidez. Horrela,  ohiko bihurtu, normaltzat jo eta eroso eta arrunki erabiltzeko klima sortzen da. Euskarazko musika entzuten bada, kartelak euskaraz badaude… orduan errazagoa da jendea hizkuntza horretan mintzatzea.

Hizkuntza bat zenbat eta toki gehiagotan erabili, orduan eta osasuntsuago eta  normalizatuagoa dagoenez, garrantzitsua da espazioak eta hizkuntzak uztartzea. Haurrek adibidez, erraz jotzen dute gisa horretako loturak egitera. Eskola euskararekin lotzen dute, bertan euskaraz egiten baitute. Izan ere, espazio bati buruz ari garenean, espazioaz ari gara, baita hor gertatzen  denari buruz.
Eskolaz gain, dena den, badira beste toki batzuk umeendako garrantzitsuak: kiroldegia, kultur etxea eta parkea edo plaza.

KIROLDEGIA

Egun, kirol-jarduerak dira nagusi haurren aisialdian. Abantailak asko dira: kirol-teknika eta -taktikak lantzen dira, kiroltasunaren balioak transmititzen dira eta umeak sasoiko jartzen dira. Horiek aparte, euskara lantzeko ere oso baliagarria dira jarduerok, batez ere, alderdi ez formala lantzeko: lagunartean daude, giro lasaian, bizipen politak konpartitzen… Horrela, jarduera atseginetan, haurrek sendotzen dute hizkuntzarekiko lotura.

Badira kirola euskaraz sustatzeko martxan jarritako ekinbideak eta sortutako materialak. Nabarmentzekoa da  “Kirola Euskaraz” programa, 1993. urtean Debagoienan sortu eta gerora Gipuzkoa osora zabaldutakoa. Denon eskura daude sortutako fitxa didaktikoak, errotuluak eta kartelak.

Toki guztietan bezala, gurasoek kalitatezko kirol-jarduera nahi dute seme-alabentzat eta, haur euskaldunen kasuan, euskarazkoa da kalitate handieneko eskaintza, balio erantsi hori duelako, hain zuzen ere. Hori dela eta, garrantzitsua da gurasoek etengabeko eskaera egitea euskarazko eskaintzarik ez dagoenean edo ez nahikoa denean. Izan ere, une batean ez egoteak ez du esan nahi ezin denik egon. Burlatan, esate baterako, lehen ez zegoen futbol-talde euskaldunik eta gurasoen ekimenari esker, 2004an D ereduko haurrendako Burlatako Futbol Eskola sortu zen. Egun, 10 taldetik gora ditu, guraso horiek argi izan zutelako helburua zela seme-alabek maite zuten kirola euskaraz praktikatu ahal izatea. Ez soilik futbola, baizik eta <futbola euskaraz>.

Bada, aliantzak eta elkarlana bilatu behar dira guraso-elkarte edo udaletako euskara zerbitzuen eta kirol arloko eragileekin. Eta, bide batez,  gogoan eduki behar da euskara kiroldegietan sartzea uste baino errazagoa dela: gurasoen arteko kafe-solasaldietan, partidutako animo-oihuetan… Detaile txikiak dira, baina balio dute erakusteko edozein espaziotan euskarak baduela tokia, edozein auzotan, edozein herritan.

 

Tribuaren Berbak, Arenaza: ‘Kirola euskaraz egiteko hezitzaileen lana ezinbestekoa da

Herriko espazioak seriea:
I Kiroldegia
II Liburutegia-Kultur Etxea
III Kalea, parkea