@Wikipedia (Nafarroako Gobernua eta Argia)
Irulegiko eskua, idazkuna eta mendiaren argazkia
KANPOAN

Udaberriko planak familian V: Irulegiko Eskua

Udaberriarekin batera, aire zabalean egiteko planak biderkatu dira. Hona hemen bada, familientzat proposamen berezia: Irulegiko Eskua ezagutzea.

Irulegiko Eskua 2021ean aurkitu eta 2022an aurkeztu zenetik, hari buruz asko ikertu eta idatzi da. Esaterako, Wikipediaren sarrerak hala dio: “Irulegiko Eskua brontzezko objektu arkeologikoa da, Nafarroa Garaiko Aranguren udalerrian dagoen Irulegi mendiko Burdin Aroko Irulegiko herrixkan aurkitua, Euskal Herrian. Baskoien mintzairaren hitzak dituela uste dute hainbat adituk, testuaren lehen hitza sorioneku (edo sorioneke) gisa interpretatu baitute, idazkera baskonikoaz idatzia. Ezohikoa da, ez baita inon ere beste esku grabaturik aurkitu.”

Aurkikuntzak ikusmira handia sortu zuen Euskal Herriko gizartean zein arkeologia gaietan interesa duen mundu mailako komunitatean, eta beraz, hura haurrekin ezagutzeko hainbat jarduera interesgarri proposatzen dira jarraian.

  • Etxean haur txikiak baldin badaude, “Irulegiko Eskua” album ilustratua elkarrekin eta modu partekatuan irakurri. Bideo formatuan ere eskuragarri dago. Aurkikuntza arkeologikoaren azalpenak ematen dira bertan, Haur Hezkuntzan dauden txikientzako aproposak.
    Honen harira, Saroa Bikaindik irakurketa partekatuaren onurez hitz egiten du ERA Eskoletan; nola irakurri album ilustratu bat?
  • Bulego musika taldeak eskuari eskainitako abestia entzun. Abestiaren letra, Youtubeko azalpen testuan irakur daiteke, bai eta gaztelaniaz ere, bideaoren azpidatziak aktibatuta.
  • Berbaro elkartearen eskaintza berezia: online formatuko ihes gela. “Irulegiko Eskua lapurtua izan dela jakin ondoren, bere kokalekua deskubritu beharko da”. Lagunartean edo familian egiteko aukera ezin hobea.
  • Aranzadi Zientzia Elkarteak ekoitzitako dokumentala ikusi.
  • Iruñeko Pompelo Civivoxean, “Irulegitik Pompelora” izeneko erakusketa ikusi. Bisitak, irailaren 27ra bitarte egin ahal izanen dira. Hona hemen erakusketaren bideo aurkezpena.

Gainera, aurkikuntzaren tokia bera ere familian bisitatzea aukera aberasgarria izan daiteke. Horretarako, kontutan hartzeko hainbat ohar daude:

  • Irulegi mendixkara igotzeko txangoak Ilundainetik (Arangurengo Ibarra) abiatzen dira. Ezinbestekoa da aparkaleku erreserba egitea.
  • Hiru ibilbide daude aukeran, 2 eta 4 kilometro artekoak eta 300 metroko desnibel metatuarekin. Xehetasun guztiak Nafarroako Gobernuko Turismo webgunean aurkitu daitezke.
  • Tontorrean, Irulegiko herrixkaren kokalekua eta Erdi Aroko gaztelua ikusi daitezke.
  • Bideak berriz, Baso Bizidunaz disfrutatzeko aukera eskaintzen du. Hemen Udalaren Baso Bizidunari buruzko informazio osagarria eta Ventura Ruizek propio eginiko bideo-ipuina.

Azkenik, “Udaberriko planak” eranafarroa.eus-en artikulu sorta bat da, hemen kontsultatu ahal dira aurrekoak:

  1. Udaberriko planak I: mendia eta Peru-Harri
  2. Udaberriko planak II: ipuin-paseoak Estellerrian
  3. Udaberriko planak III: Kirola eta Natura
  4. Udaberriko planak IV: Kikilisalda
  5. Udaberriko planak V: Irulegiko Eskua

 

 
CC BY-SA 4.0