ARG: © Patxi Pitillas-Berriozarko Udala
aita haur txikiekin errepidea gurutzatzen
Etxean

Ez da soilik amen ardura

Euskara belaunaldiz belaunaldi transmititzen den moduari erreparatuz gero, berehala ikusten da Nafarroan badirela egoera arrunt desberdinak. Etxe askotan gurasoek haurrei euskaraz hitz eginen dietela planteatu ere ez da egiten, horixe baita egoera naturalena. Beste batzuetan, aldiz, aita-amek konszienteki erabakitzen dute beren seme-alabekin euskaraz hitz eginen dutela. Akaso, beti-beti ez dute hala egin bikote harremanean, baina argi dute familia bat osatzerakoan, hizkuntza horren aldeko hautua eginen dutela.

Batera edo bestera, hizkuntzaren transmisioan hainbat erabaki hartzen dira. Askotan, aspaldi hartuak daude, haurdunaldia iritsi baino askoz lehenago ere. Akaso haurdunaldian berriz ere ager daitezke, zenbait kontu hausnartzeko denbora hartzen delako umeak nolakoak izanen diren irudikatzean. Horregatik askok amari protagonismo handia egozten diote. Umekia bere baitan izateak gurasotasuna nahitaez modu aktiboagoan ematen delakoan edo. Eta, aldiz, aiten rola ez da nabarmentzen horrenbeste. Baina azkenaldiko ikerketek erakusten dute desoreka horren jatorria beste toki batean dagoela. Alegia, hizkuntzaren transmisioaren ardura zaintza lanekin erabat lotu dela gizarte honetan. Hara! Hortaz, ardura partekatu, orekatu eta parekideen gaia jendaurrera agertu bada ere, datuek baieztatzen dute oraindik  alde nabarmena dagoela emakumeen eta gizonen artean umeen hizkuntza sozializazioan, hau da, hobetzeko margena egon bagoela. Hizkuntza seme-alabei emateko lanean baliabideak edukitzeak asko laguntzen du, eta jakina, horiek ez dira emakumeei soilik datxezkien super-botereak. Hortaz, hainbat belaunalditan gizonek ez badute zaintza lanetarako behar dena  kulturalki jaso, hemen dute hutsune hori estaltzeko material lagungarria:

Aitak euskaraz baldin badaki 

Jende orok daki gurasoak seme-alaben eredu direla. Beraz, horren arabera jokatzea izan daiteke haurrei laguntzeko modurik eraginkorrenetakoa. Izan ere, edonorekin euskaraz hitz egiteak, alegia, ez soilik haurrekin, familiako kide guztien hizkuntza-ohituretan eragin zuzena du.  Era berean, aita euskalkian mintzo bada, benetan aberasgarria da haurrekin aldaera horretan hitz egitea, bai etxean, baita kalean ere.  Eta beraien arteko harremana estutzeko ere balio dezake, partekatzen duten beste gauza bat ere badelako. Dena den, horiez gaindi, haurrek duten behar batean arreta jartzea ere benetan lagungarria da, garapen emozionalean. Horretarako, mundu imaginarioa landu behar da. Zeregin horretan laguntzeko bada material asko, baina beti ere gogoratu behar da prozesua eskutik helduta egitearen garrantzia.

Aitak pixka bat baldin badaki

Asmoa epe ertainera euskara hitz egitea denean, onena da dakizuna erabiltzen hasteko une aproposak bilatzea. Horretarako, nork bere uneak eta espazioak aurkitu behar ditu euskara goxo eta patxadaz praktikatzeko. Esate baterako, euskara eguneroko errutinetan erabiltzen has daiteke eta poliki-poliki ohitura bilakatu dadila: agurrak, jolasak, haur kantak…Haurrek berehala ulertuko dute zenbait  egoeratan aitarekin euskaraz eginen dutela. Nolanahi ere, hori ez da egin dezaketen gauza bakarra. Seme-alabei hizkuntzarekiko motibazioa eta atxikimendua erakustea eta euskara erabiltzeko baliabideak eskura jartzea ere aukera bikaina da: euskarazko kultur-, aisialdi- eta kirol-eskaintza hautatzea, adibidez, hizkuntzaren barneratze-prozesuan lagunduko die. Eta berdin-berdin gertatzen da liburu, musika, webgune eta filmekin. Eta hori dena, zalantzarik gabe, euskara ez dakien aitak ere egin dezake.

CC BY-SA 4.0