ARG: ERA
BALIABIDEAK

Euskaraz, zenbat eta gehiago, hobe!

Euskara ikasten ari diren haurrek baliabideak behar dituzte hizkuntza edozein egoeratan (familian, lagunartean, eskolan) egoki eta eroso erabili ahal izateko, eta garrantzi berezia eman behar zaie ahozko erregistro ezberdin horiei, egunerokoan oso beharrezkoak direlako.

Hizkuntzak ongi ikasteko eta horietan erraztasuna lortzeko maiz erabili behar dira; eta, ahal dela, bizipen positiboekin lotuta. Eskola orduz kanpoko jardueretan euskara erabiltzeak euskara=eskola eta euskara=betebeharra dikotomiak apurtzen lagunduko digu. Zenbat eta jarduera gehiago euskaraz egin, orduan eta erabiltzeko aukera gehiago izanen dute.

Eskolan hastearekin batera aisialdirako hainbat jardueratan parte hartzeko aukera eskaintzen zaie umeei: kirola, musika, eskulanak, ludotekak eta abar. Aurten bizi dugun osasun egoerak jarduera horietako asko bertan behera gelditzea ekarri du eta, horren ondorioz, euskararen erabileran gaitasun ezberdinak bereganatzeko aukerak murriztu egin zaizkio haur askori. Horregatik, eta hizkuntza beste modu batean praktikatzeko bidea emanez, euskarazko jardueren eskaintzak online formatura ere egin du salto: Dindaia Fundazioak, esate baterako, egun hauetan zabaldu du berea.

Bestela ere, nola lagunduko ditugu gure seme-alabak bizipen positibo horietan hizkuntza txertatzen?

Etxetik has gaitezke, haientzat eredu izaten: gurasoek euskaraz baldin badakite, elkarren artean eta haurrekin hizkuntza erabiliz. Euskaldunak ez badira, hizkuntzarekiko atxikimendua eta interesa sustatzea ere garrantzitsua da. Etxean euskarari ateak ireki behar zaizkio: telebista, jokoak eta online aplikazioak, jolasak, ipuinak, musika…Erabilera horiek guztiak bultzatzeko eta indartzeko hainbat baliabide ditu ERA.eus-ek, lagungarri izanen dituzuenak.

Parkea, plaza haurra sozializatzeko gune garrantzitsuak dira, inprobisaziorako eta harreman askeagoetarako lekuak. Haurrek bertara eramaten dituzte beste espazioetan jasotako ohiturak, ikasitako jolasak nahiz kantak. Gurasoek paper aktiboa joka dezakete gune horietan, jolaserako euskarazko kantuak , sokasaltoan, formulak, igarkizunak, aho korapiloak,… ikasiz eta haiekin erabiliz. Erronka polita da, ezta? Ikusi-makusi, Dona-dona Katona, Pipitaki-papataki nik dakidana nork daki?…

Kultur agendak begiratu! Euskarazko kultur ekitaldiak ere izan daitezke haurren bidelagunak hizkuntza bereganatzeko prozesu horretan. Gaur egun toki askotan, noiznahi, antolatzen dira ekitaldiak. Ez ahaztu ERAgendari, tarteka, begiratu bat ematen: ekitaldi horiek non eta noiz burutuko diren, osasun egoeraren ondorioz aldaketaren bat egonen den, ekitaldiren bat bertan behera gelditu den… Hor egonen da informazio guztia erabat eguneratuta.

Familia bakoitzaren egoera linguistikoa ezberdina izan arren, gogoan izan komeni dela euskarari behar adinako lekua egitea; zenbat eta gehiago, hobe!

 

CC BY-SA 4.0

 

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat