ARG: @picsea by unsplash
aita-umea irakurtzen
Etxean

GAUEAN izarrak piztu

Euskaraz gehiago hitz egiteko pizgarrien artean behin baino gehiagotan aipatzen dira etxean baliatzekoak eta hor gailentzen da euskara momentu goxo edota une bereziekin lotzea. Horri begira, hemen landu dira jadanik goiza, eguerdia eta arratsaldea, gurasoek eskura eduki ditzaten askotariko egoeratarako baliabideak. Oraingoan, aldiz, zikloa biribiltzera heldu da Gaua.

Iluntzearekin batera familak etxera biltzen dira, eguna bukatzera doa, atsedenaren garaia hurbil da. Eta atsedena ez da soilik fisikoa, bada deskonektatzea ere eta, aldi berean, etxekoekin konektatzea.

Atsedena funtsezkoa da eta umeen kasuan biziki zaindu beharrekoa, mimoz, lotara joatea ohean sartzea baino askoz gehiago baita. Haurrek afariaren ondotik trantsizio denbora-tarte bat behar dute oheratu aurretik. Hortaz, une aproposa da jarduera erlaxagarriak egiteko:

  • Ipuinak:

Irakurketa lotara joan aurretiko orduarekin lotzea oso lagungarria da haurrak erlaxatzeko eta lotarako prestatzeko. Gainera, gurasoek seme-alabei ipuinak kontatzea bikaina da beren arteko harremana sendotzeko balio baitu. Azken batean, ipuinaren ordua eguneroko ohitura bihurtuz gero, haurrek ilusio biziz itxaronen dute une hori. Aita-amarekin partekatzen duten jarduera bat da, izan ere, non erabateko arreta bereganatzen duten.

Gurasoak euskara ikasten ari direnean, testu arineko ipuinak hautatzea komeni da, baita audio-ipuinak eskura izatea ere.

  • Musika: 

Lotara joan aurretik musika entzuteak haurrei onurak dakarzkiela jakina da. Soinuak lasaitzen eta lokartzen laguntzen die, errutina bihurtzen denean. Gainera,  musikak belarrian eragiten du, baita hizkuntzaren garapenean ere. Hori dela eta, egokia da gurasoek seme-alabei gauero ohean kantatzea. Oso une berezia bihurtzen da  beren kantu kuttuna gauero entzutea, aita-amaren ahotsetik gainera.

Ohera joateko kantak                                                        Sehaska-kantak

  • Arnasketa-ariketak eta masajeak, ipuinekin tartekatzeko

Ur epel-berotan bainatzea bezala, arnasketak eta masajeak mundialak dira erlaxatzeko. Gainera, aukera ematen dute aldi berean ipuin bat kontatzeko. Su galduaren bila ipuina, esate baterako, arnasketa lantzeko ezin hobea da.

 

Familian denbora eta uneak antolatzeko ezartzen diren ohitura eta errutinei esker haurrek eskema hori ulertu eta bere egiten dute. Horrela, poliki-poliki ezagutzen dute beren ingurunea, beren mundua, eta egoerak aurreikusten ikasten dute, adin horretan hain garrantzitsuak diren segurtasuna eta egonkortasunaren berme.

 

Eguneko uneak seriea:
I GOIZA: Ohetik salto!
II EGUERDIA: Indarrak berritu
III ARRATSALDEA: Jolastera!

CC BY-SA 4.0