ARG: Tumisu-Pixabay (ERA-k moldatua)
ESKOLAN

Gurasoek maiz egindako galderak: D eredua

Umea izatearekin batera une zoriontsu asko bizi eta, aldi berean, ardura berriak zeureganatzen dituzu. Onena eman nahi izanen diozu, noski, zoriontsu izan dadin eta bizitzan ahalik eta aukera gehien izan dezan. Beraz, hainbat erabaki zure esku daude. Horien artean, besteak beste, zein hizkuntza eredutan eskolatuko duzun aukeratzea. Hemen duzu D ereduan izena emateko MEG: Maiz Egindako Galderak edo, bere ingelesezko akronimoarekin, FAQ (Frequently Asked Questions)

Ingurunea erdalduna dut, bikotekidea, familia, lagunak... Nola lagunduko dut seme-alaba euskara ikasteko prozesuan?

Online baliabide asko dituzu eta era.eus etengabe bere burua berrasmatzen ari da, zure herriko euskara zerbitzuan laguntza topatuko duzu, hamaika jarduera dituzu agendan Ideiak behar dituzu? Begiratu gure Dekalogoa: 10 aholku euskaraz hazteko. Bestalde, gurasoak dira seme-alaben erreferentzia nagusia bizitzako arlo gehienetan. “Zer ikusi hura ikasi” dio euskarazko esaera zaharrak eta halaxe gertatzen da hizkuntzen esparruan ere. Hortaz, egin dezakezun onena da zuen arteko harremana euskaraz eraikitzea.

Etxean euskaraz egiten badugu, eta D ereduan izena ematen badugu, gaztelania ongi ikasiko du?

Bai, haurrak gaztelania ere ongi ikasiko du, eskolaren bidez zein ingurune sozialaren bidez. Izan ere, erdarak presentzia handia dauka bizitzako arlo askotan eta, jakin badakigu, haurrak uneoro hizkuntzak ikasten ari dira, ez bakarrik eskolan daudenean. Euskararen erabilerari dagokionez, zu zara zure haurraren eredua eta zure erabilera ohiturak erabakigarriak dira berarentzat. Inguruko euskaldunekin euskaraz egiten duzun heinean, hala eginen du zure seme-alabak. Gainera, euskalkian egiten baduzu, zure esku dago haurrari altxor hori transmititzea. Ez galdu aukera hori!

Etxean euskara edo gaztelania ez den beste hizkuntza bat daukagu. Ez da gehiegi izanen?

Ez, aukera bikaina da, etxean beste hizkuntza bat transmititu ahal izatea izugarrizko zortea baita. Gainera, haurrak gauza dira eleaniztasunean ongi moldatzeko. Agian denbora gehiago beharko dute hizkuntza guztietan ongi hitz egiteko, baina garrantzitsuena azken emaitza da, ez dena ahalik eta azkarren ikastea, ezta? Prozesua laguntzeko, gogoan izan, hizkuntza bakoitza pertsona batekin identifikatzen badute, edo ingurune jakin batekin, haurrek errazago ikasten dutela.  Hau da, errutinak eta ohiturak errespetatzea lagungarria eginen zaie.

Euskara ikasten ari naiz, zer da hobe, dakidan hori haurrarekin hitz egitea, edo ez?

Euskaraz mintzatzeko tarteka mugaturik sentitzen bazara, lasai, ez estresatu. Aukeratu egoera eta une erosoak, horietan ahalegindu eta komunikazioaz disfrutatu. Egokia izan daiteke, esate baterako, eguneroko errutinekin hastea. Eguneko jarduera bakoitzak aukera ematen du errutina goxoak sortzeko, goizean ohetik salto egitean, eguerdian indarrak berritzean… Den-dena ongi esaten ez baduzu ere ez da kalterako, hizkuntza eredu onak izanen baititu eskolan adibidez, eta seme-alabak zure ahaleginaren motibazioa jasoko du. Izan ere, euskararekiko interesa eta maitasuna adierazteak pisu nabarmena du ikaste prozesuan.

Zein da nire erreferentziazko eskola? Nire herrikoan ez dago D eredurik. Zer egin dezaket?

80/2019 Foru Dekretuak Nafarroako eskola mapa antolatu zuen eta D ereduko eskolen erreferentzia bizitokiaren arabera arautu zuen. Hemen duzu euskarazko ereduaren eskola-mapa.

Bestalde, gurasoek eska dezakete haien herriko eskolan D eredua zabaltzea. Horretarako instantzia bete behar dute eta erregistroaren bidez sarrera eman Hezkuntzako zuzendari nagusiari bideratuta. Kontuan izan behar da Hezkuntzak, D eredua eskola batean zabaltzeko aukera aztertzean, beste hainbat faktoreren artean kontuan hartuko duela zenbat haurrek eskatzen duten hori; zenbat eta eskatzaile gehiago, are eta aukera gehiago eskaerak aurrera egiteko.

Nola funtzionatzen du murgiltze linguistikoaren metodologiak?

Hizkuntza-murgiltzearen oinarria da ikaslea bere lehen hizkuntza ez den beste batean eskolatzea, eskola-edukiak ikasten dituen bitartean bigarren hizkuntza hori ikas dezan: Murgiltze linguistikoa eta hizkuntza eleanitza. Gaur egungo ikuspuntuak hezkuntza eleanitza kontuan hartzen du eta atzerriko hizkuntzak ezagutzea ere helburuen artean jartzen du.

Zer egin dezaket etxeko lanetan laguntzeko?

Lan egiteko ohitura eta eskolaren eta familiaren arteko komunikazio ona dira etxeko lanen proba arrakastaz gainditzeko gakoak. Edozein modutan, komeni da hezkuntza arloko profesionalek (irakasleek, pedagogoek) behin eta berriro azpimarratutako hainbat puntu nabarmentzea: irakurri Etxeko lanak.

 

Badakizu euskaraz? Hemen aholku batzuk

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat