ARG: Tdiferencia
Gure Zirrikituak arte-eszenikoen jaialdia
KANPOAN

“Gure Zirrikituak” arte eszenikoen jaialdiaren 6. edizioa antolatuko da ekainean

Ekainaren 20tik 23ra bitarte, haur, gazte eta helduentzako 30 ekitalditik gora eginen dira Ablitas, Lizarra, Deierri, Gesalatz, Abartzuza, Oteitza, Izarbeibar eta Iruñean

Berdintasuna eta aniztasuna oinarri hartuta, egungo gaiak jorratuz, arte eszenikoak espazio berezietara eraman nahi dituen kultur proposamena da. Tdiferencia taldeak antolatzen du, tokian-tokiko udal eta eragileen laguntzarekin.

Kultur aisialdia ere, euskaraz

Musika, dantza, txotxongiloen antzerkia, bakarrizketak eta birziklatze tailerrak eskainiko dira besteak beste, horietariko asko euskaraz.

Nabarmentzekoa da Muetz, Abartzuza, Aritzala, Zurukuain eta Oteitzan esaterako, jaialdia euskara hutsean eginen dela, asteburu bakarrean Irantzuko lurretan euskarazko bost produkzio garatuz.

Jaialdia Iruñeko Gotorlekuan hasi bazen ere, urtetik urtera herri eta bailara desberdinetara hedatzen joan da. Nafarroako txoko eta zirrikitu berri eta bereziak eskenatoki bihurtzea du helburu; zuhaizpeak, petrilak, upategiak… dena bilakatu baitaiteke antzoki. Aire librean zein estalpean, publikoa goxo hartuko duten emanaldiak prestatu dira: dantzan eta euskaraz kantuan jartzeko modukoak, haur eta gaztetxoei bete-betean eragiten dieten gaiak azaleratzen dituzten proposamenak, bai eta gurasoek izan ditzaketen kezkak planteatuko dituztenak. Umore, jolas eta kontzientziazio uneak eskainiko dira.

Etxeko txikiekin euskaraz gozatzeko parada bikaina izango dugu bada solstizio garaian, ikasturtea bukatu berritan. Kontsultatu ezazu programazioa eta aisialdian ere euskaraz jardun.

Gure Zirrikituak-arte eszenikoen jaialdia

Kalitatezko euskarazko kultur-produkzioak programatzeak eta jasotzeak ezinbesteko garrantzia dute haurren euskarazko heziketan, honako bideoak azaltzen duen bezala. Espazio ludiko hauek haien motibazioan, hizkuntzarekiko sentsibilizazioan eta erabileran eragiten dute nabarmen.

Jaialdiaren inguruko xehetasun gehiago eskuratzeko, hona jo dezakezu: Tdiferencia

CC BY-SA 4.0