ARG:ERA
Euskararekiko lotura indartzeko ideiak, euskaraz ongi pasatu
ETXEAN

Euskararekiko lotura indartzeko zenbait ideia

KORRIKAren aparretan izanen da oraindik herritar asko. Biharamun gozoa izanen du batek baino gehiagok. Euskararen aldeko lasterketa erraldoia amaitu berritan arduradunek adierazi dute inoiz izan den partehartzaileena eta jendetsuena izan dela aurtengoa; izugarria izan dela jendearen euskararekiko lotura, atxikimendua, gogoa… Egun hauetan piztutako indar horri eutsi behar zaio, ordea, egunero-egunero. Hiztunok hizkuntza bat baino gehiago izan ditzakegu, baina euskarak gu bakarrik gaitu.

Haurrengan ere lortzen da edo indartu daiteke euskararekiko lotura, zaletasunetatik abiatuta landu daiteke hori. Ume guztiek izaten dituzte zaletasunak, gaitasunak, ongi egiten dituzten gauzak… Kirola, esate baterako, txisteak kontatzea, eskulanak egitea, marraztea edo beste asko. Zaletasun horiekiko lotura afektibo edo atxikimendu handia garatzen dute. Horietako asko lagunen edo belaunaldi bereko kideen eraginez jasoko dituzte, eta beste hainbat familiaren bitartez iritsiko zaizkie. Lotura edo atxikimendua hizkuntzei edo hizkerei ere izaten ahal zaie eta familia toki oso aproposa izan daiteke hori lantzeko.

Euskaraz ikasten ari diren ume askoren gurasoek nahi izaten dute haurrak plazan edo karrikan euskaraz aritzea haien artean. Nafarroako herri batzuetan hala aritzen dira, nolabaiteko ohitura soziala eta aldeko giroa lagun. Baina beste gune batzuetan ez da horren ohikoa umeak euskaraz aritzea. Umeek, baita gainerako adin taldeetako kideek ere, euskaraz eta gaztelaniaz baldin badakite, edozein komunikazio egoeran bi hizkuntza horien arteko bat aukeratu beharko dute. Erabakia hartzerakoan hainbat faktore sartzen dira jokoan, eta horietako bat euskarari zaion atxikimendua da.

Familian umeen hizkuntza atxikimendua garatzeko zenbait ideia emanen ditugu:

  • Familiako kideek euskaraz baldin badakite, oso garrantzitsua da familiako hizkuntza euskara izatea. Umeak euskararekin gero eta harreman handiagoa izan, orduan eta lotura afektibo handiagoa izanen du hizkuntzarekiko. Familiako norbaitek ez badaki edo ikasten ari bada, gogoratu ahalik eta presentzia handiena ematen.
  • Seme-alabak euskara ikastea eta erabiltzea familiarentzat oso garrantzitsua dela nabarmentzea.
  • Hizkuntzaren bitartez bizipen pozgarriak eskaintzea. Seme-alabak gustuko dituen gauzak eta euskara lotzea.
  • Euskararen egoerari buruzko azalpen arinak ematea, umearen adinaren araberakoak. Adibidez, familiako biografia linguistikoak ezagutzera ematea edo zergatik inguruko pertsonaren batek ez dakien edo ikasten ari den azaltzea.
  • Euskara presente dagoen inguruneak aprobetxatu, esaterako eskolaz kanpoko jarduerak, antzerkia, ipuin-kontalariak, kontzertuak…
  • Jolastu umeekin: Jolasaren bidez umeen gaitasunak indartzen dira hainbat esparrutan, baita esparru afektibo eta linguistikoan ere. Jolasak eta Solasak bideo bilduman hainbat jolas aurkitzen ahal dira soka-saltoan aritzeko, eskuekin jolasteko, zotz egiteko…
  • Eskaini kultura euskaraz: musika, literatura, zinea… Kontuan izan txikitan ikasten diren kantak, asmakizunak, ahokorapiloak… memorian gordeta geratzen direla, are gehiago anai-arrebak, gurasoak edo aitatxi-amatxiak tartean baldin badaude.
  • Umeak ez badu euskaraz egiten, saiatu ihes egiten “Egin euskaraz” formulatik, ez baita eraginkorra modu iraunkorrean euskaraz egin dezaten. ERAko artikulu honetan zenbait proposamen egin ziren bestelako teknika batzuk erabiltzeko.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat