ARG: pexels cottonbro-studio
ETXEAN

Familian euskararen erabilera eta presentzia handitzeko proposamena

Eskola oso eremu garrantzitsua da umearentzat, bertan bere adinaren araberako ezagutzak, gaitasunak eta balioak garatuko ditu. D ereduaren bitartez, gainera, euskaraz eta gaztelaniaz eroso eta ziur aritzeko gaitasuna hartuko du.

Baina ez da ahaztu behar eskolak ere mugak dituela. Urte osoko denbora kontuan hartuta, umeak esna dauden denboraren % 15 besterik ez dute pasatzen eskolan. Gainerako denboran haur askok ez du euskaraz aritzeko aukera askorik, hainbat arrazoi tarteko. Horregatik oso garrantzitsua da euskararekin harremanetan ematen duten denboran maiztasuna eta intentsitatea handitzea. Jarraian proposamen batzuk eginen ditugu:

Nola jokatu etxekoek euskaraz baldin badakizue?

  • Hizkuntza jokaera koherentea izan: tartean pisuzko arrazoirik ez badago, umeari egin beti euskaraz, ez batzuetan euskaraz eta beste batzuetan gaztelaniaz.
  • Gurasoek gaztelaniaz aritzeko ohitura baldin baduzue euskaraz dakiten gainerako helduekin, litekeena da umeak ere jokaera hori hartzea. Hizkuntza ohitura horiek euskarara aldatzea komeni da.
  • Haurrarekin elkarrizketa asko izan. Denbora eman behar diozue hitz egiteko, dioen horretan interesa jarri eta erosotasunez hitz egiten utzi behar diozue. Eta laguntza behar baldin badu, eskaini.
  • Ziurtatu euskararen presentzia haurrak ikusi eta entzunen dituen ipuin, musika, marrazki bizidun eta antzekoetan. Eta, bereziki, zaindu pantailan ikus-entzunezkoen edukietan euskarak duen tokia. ERAren Baliabideen atalean hainbat proposamen aurkituko dituzue.

Nola jokatu etxeko norbaitek pixka bat badaki edo ikasten ari baldin bada?

  • Babestu eta lagundu euskara ikasten ari den pertsona hori. Mesede handia eginen diozue bere ikaste prozesuari.
  • Umea inplikatu gurasoaren euskara ikasteko prozesuan. Aprobetxatu haurraren zaletasunak ikas-prozesuan aurrera egiteko (ipuinak, musika, marrazki bizidunak…).
  • Azaldu umeari gurasoa zergatik ari den ikasten edo zergatik dakien pixka bat, beti adieraziz gurasoentzat euskarak duen garrantzia.

Nola jokatu etxeko norbaitek euskaraz ez baldin badaki?

  • Euskaraz baldin badakizu, erabili aukera duzun guztietan, eta jokaera koherentea izaten saiatu. Adibidez, umearekin bakarrik zaudenean egin beti euskaraz, ez batzuetan euskaraz eta beste batzuetan gaztelaniaz.
  • Komeni da euskaraz ez dakien helduak hizkuntzarekiko jarrera positiboa eta hurbila izatea. Batez ere umearen ikaste prozesuan inplikatzea eta interesa agertzea.
  • Etxekoekin adostu zein une izan daitezkeen egokiak hizkuntza bakoitza erabiltzeko, euskarak zuen artean ahalik eta presentzia handiena izan dezan, eta, aldi berean, guztiok eroso senti zaitezten.

CC BY-SA 4.0