ARG: Tolosaldeko ataria
San Joan suak
KANPOAN

San Joan gaua: suaren garbiketa erritua

Gaur hasiko den udako solstizioak berarekin dakar antzinako erritua; San Joan suen gau magikoa

Aspaldiko garaitik heldu da barrenak garbitzeko beharra eta ohitura txarrak baztertzekoa. Txar horiek denak sutan erretzea izan da ohitura, eta ekainaren 23an, San Joan bezperan, pizten diren suak apropos-aproposak dira horretarako.

Kultura guztiek sortu dituzte ziklo berri ona eta oparoa eskatzeko errituak. Udako solstizioko errituetan, negukoetan bezala, suaren eta uraren garrantzia goratu da belaunaldiz belaunaldi.

Eguzkia goienean dagoenean, San Joan suak txarra erretzeko ahalmena dauka. Nahikoa omen da atzean utzi nahi dena paper batean idaztea, sutara botatzea eta honakoa edo antzeko zerbait esatea:

“ To zan, zaharra eraman eta berria ekar zan!”
“Txarrak eraman eta onak ekarri!”

Suaren gainetik jauzi egin baino lehen, ez da ahaztu behar formula magiko zaharra errepikatzea:

“ San Joan, San Joan berde,
artoa eta garia gorde,
lapurrak eta gaiztoak erre.
Biba San Joan berde!”

Baina ez bakarrik suak, urak ere botere miresgarria hartzen du urteko gaurik motzenetan, gaixotasunak sendatzeko eta ikusten ez dena ere garbitzeko ahalmena baitauka. San Joan eguneko egunsentian itsasoan edo errekan murgiltzea, iturrietan eskuak eta aurpegia garbitzea, zelaietako ihintzetan oinak bustitzea… horiek guztiek balio omen dute berritzeko eta indartzeko.

Urari lotutako proposamen interesgarria duzue honakoa: San Juan Xar natura-erreserbara joatea San Joan egunean. San Juan Xar Igantzi eta Arantza artean dago, eta diotenez bertako iturburutik heldu den urak sendatzeko ahalmena du. Hiru iturrietatik edan behar omen da urte osoan eztulik ez izateko. Ohiturak dio, gainera, zapi busti batekin igurtziz gero larruazaleko arazoak sendatzen direla eta errekan oinutsik ibiltzeak gaitzetatik libratzen duela.

Naturarekiko loturaz gain, urteroko erritu horietan pertsonen arteko loturak ere estutzen dira. Harreman sareen irudia dira suaren edo zuhaitzen inguruko soka-dantzak, zortzikoak edo kintoen dantzak. Ohitura horien adibidea da Urdiango neska gazteek abesten duten San Juango Kantaita.

Tradizioak mundua ulertzeko modu zahar baten oihartzuna ekartzen du, baina, oraingo bizimodura egokituz gero, baliagarria izan daiteke oraindik. Izan ere, egun, lehen bezala, beharrezkoa da zikloak ixtea eta garai berriei ongietorria ematea.

CC BY-SA 4.0