ARG: Pixabay
BALIABIDEAKKANPOAN

Ikasturtea hasi da: 10 hilabete, 10 kausa

Ikasturtea hasi berri da eta mundu oso bat dugu aurretik, agendak borborka, asteko egutegia koadratzen saiatzen gara eta baita ikasturteak ekarriko duena aurreikusten ere. Hemen, laburrean, 2023-2024 ikasturte osoaren perspektiban, hileko proposamena sorta:

Iraila, izena emateko garaia: eskolaz kanpokoak eta kultur agenda

Hil honetan, eskolei ekitearekin batera, haur zein helduen arratsaldeak antolatzen ditugu. Familia osoaren ordutegi eta egutegia bateratzen saiatzen gara: Zunba, musika eskola, pintura, xakea, lego, eskubaloia… Honetan ere komeni da euskararen betaurrekoekin begiratzea eskaintzari. Zaletasunak euskaraz eta lagunekin praktikatu ahal izatea, zalantzarik gabe, aprobetxatu beharreko aukera da!

Gainera, antzerkiak, tailerrak, ipuin-kontaketak, zinema… ia astero izanen dituzu, herrian bertan edo inguruan. Adi Nafarroako agendari edo begiratu zure eskualdekoa!

Urria, eredugarria: haurren aurrean helduok heldu

Haurrekin euskaraz egitea oso garrantzitsua da, baita haien aurrean euskaraz egitea ere, ikus dezaten helduen artean euskaraz hitz egitea ohikoa dela, modu naturalean darabiltela eta maite dutela. Era honetan, haurrek motibazio positibo zuzena jasotzen dute helduen aldetik.

Gurasoen eredugarritasuna modu kolektiboan lantzeko asmoz, beraz, Haurren aurrean helduok heldu kanpaina martxan izanen da urriaren 19tik 29ra eta gainera, horri lotuta ere, hizlari aparta izanen dugu ERA Eskolen III. edizioan, azaroan.

Azaroa, gurasoen prestakuntza aroa: ERA Eskolen III. edizioa

Seme-alaben hazkuntzan badira une edo fase garrantzitsu batzuk non komenigarria den hausnartzea zer leku izanen duen euskarak. Besteak beste, jaioberritan, eskolako lehen ikasturtean, eskolaz kanpoko jardueretan hasten direnean… ERAren Gurasoentzako aholkuak atalean pista batzuk dituzu.

Horrekin batera, ERA Eskoletan (guraso eskola telematikoetan) adituek hartzen dute hitza askotariko gaien inguruan, hala nola: “Familia euskaldunetan euskara sendotzeko arrazoiak eta bideak” edo “Euskara, sareko baliabideak, Google tresnak eta zibersegurtasuna”. Azaroan, ERA Eskolen edizio berriarekin, hiru gai berri jorratuko ditugu, adi sareari!

Abendua, oparietan ere euskara: euskarazko produktuen katalogoa

Oharkabean neguko oporrak iritsi dira, eta baliteke familiek opariak emateko baliatzea garai hau. Egia esan, berdin du urtebetetzea izatea, Olentzero, edo San Gura eguna! Guzti-guztietan euskararen betaurrekoekin begiratzea komeni! Euskarazko Produktuen Katalogoak, adibidez, merkatuan dauden produktuen artean hautaketa sakona egiten du urtero, berritasuna, egokitasuna eta kalitatea kontuan hartuta: www.katalogoa.eus.

Gomendatutako liburuak edo mahai-jokoak ezagutzen dituzu? Bada, ERAk Dindaiarekin elkarlanean mahai-joko hautatuen bilduma egin du eta Galtzagorrik liburu ezinbestekoen zerrenda prest du.

Urtarrila, Mintzakide programan gurasolagun bila

Solaslagun, Mintzalagun, Mintzakide, Berbalagun… izen ezberdina eduki arren, denak dira mintzamena lantzeko proiektuak eta gurean ere badira hainbat. Izan formato arruntan edo gurasoentzako talde espezifikoan, animatu euskara ostatura, plazara eta jolastokira ekartzen. Parkelaguna, esate baterako, horietako bat da, alegia, euskara gehiago erabili nahi duten aita-amendako propio sortua eta eskolan bertan, parkean edo bi horietatik hurbil biltzen dena.

Euskara praktikatu, euskaldun sareak eraiki eta euskara eremu publikora ekartzeko balio dute. Izen emate nagusia iraila-urrian izaten da, baina urtarrilean bigarren epea irekitzen da.

Otsaila, aurrematrikula eskoletan: partekatu esperientzia

Umea eskolatzeko garaia iristen denean, inguruko guraso batzuek zalantzak izan ditzakete ikastetxea edota hizkuntza-eredua aukeratzeko. Zenbaitetan eskolen ate irekietara jotzen dute zalantzak argitzera eta beste askotan jada euskarazko ereduan haurrak dituzten gurasoengana jotzen dute, aholku eske edo, batez ere, esperientziagatik galdezka. Esperientzia pertsonala da, baina aholkurako laguntzarik nahi? Hemen guraso euskaldunek maiz egindako galderak eta hemen guraso erdaldunek maiz egindako galderak (hainbat hizkuntzatan).

Martxoa, arineketan, lasterka… Korrika badoa!

Korrika usaia dario 2024ari, eta lasterketaren data horietatik harago, egutegia kultur ekitaldiz eta Korrika festez beteko da. Guraso erdaldunak euskara ikastera animatzeko garai egokia izan daiteke, baita Korrika-ekitaldietara familian joan eta euskal komunitatea sendotzeko ere: Korrika adinik ez duen ekimen hunkigarria da eta haurrek gurasoekin pozez parte hartuko dute. Poz horrek etorkizuneko hazia ereingo du.

Apirila, Udalekuan izen ematea: bizipenak, pozak, gazteak…

Ba al dakizue Edurne Azkarate bera, Irati filmeko aktorea, txikitan euskarazko udalekuetan ibilia dela? Oroitzapen bikainak ditu, eta bereziki azpimarratzen du zeinen garrantzitsuak izan ziren udalekuak euskaraz gustura aritzeko. Nerabezaroan oso  garrantzitsua da lagun berriak egitea, abenturak bizitzea eta bizipenez betetzea. Bada, oroitzapen horiek euskaraz ere sortzea biziki inportantea da. Urtero, martxoa-apirila aldera, Udalekuen informazioa argitaratzen da.

Maiatza, natura eta euskara: planak eta ibilaldiak

Jakina da zeinen onuragarria den etxeko txikiei ipuinak kontatzea: lotura afektiboa, barrura begiratzeko aukera, hitzen esanahiak, hitz berriak, irudimena, jakin-mina eta, batez ere, ipuinak gozamena dira. Eta zer esanik ez ibilaldiak eta planak familian egitea. Hala, ERA.eus-en eskura dituzu ipuin-paseoak edo txoko berezietara bisita egiteko aukerak: baleen bila ibili, Peru-harri bisitatu, erlezaintzari buruzko interpretazio gunea

Ekaina, udan eskolako motxilatik maletara!

Udako oporraldiak aukera aparta dira plan politak familian egiteko. Igerilekuko hamakan irakurtzen gaudenean ere euskararen erabileran eragin dezakegu, ohitura ederrak transmititzen arituko baikara; edo oporlekura bidean, autoan, zukua atera ahal diegu ordu horiei; edo beste mila gauza egiteko! Erabili errutinaren deskonexioa ezohiko konexioak bilatzeko euskararekin.

CC BY-SA 4.0