ARG: Pixabay. Perfecto_Capucine
ETXEAN

2024ko irakurrienak eranafarroa.eus-en

Joan zaigu 2024. urtea eta, urte berrian sartu berri garela, atzera begiratzeko tartea hartu dugu: 2024ko irakurrienak, seme-alabak euskaraz hazi eta hezteko era.eus atarian plazaratu ditugun aholku, proposamen eta baliabide ugariei erreparatuz.

2021. urtean, 2022. urtean eta 2023 urtean bezala, iaz argitaratu eta urte osoan gehien irakurri diren euskarazko artikuluen TOP-5 zerrenda egin dugu, 2024ko irakurrienak, eta hemen duzue emaitza. Bitxikieria gisa, orriaren hizkuntza aldatu eta euskarazko eta gaztelaniazko artikulurik irakurrienak alderatu; bada aldea!

Argitaratu ziren unean edo ondoren irakurri ez bazenituen, oraintxe duzu aukera, estekaren gainean klikatuta, bertara joan eta irakurtzeko:

  1. Euskal izenak seme-alabentzat: aukeratuenak, bitxienak, klasikoak… Euskal izenak modan? Haurdunaldian zehar badira une polit asko: bihotz taupadak lehen aldiz entzutea, senide eta lagunei haurdunaldiarena kontatzea, umearen logela prestatzea… eta izena bera aukeratzea ere bai, jakina.
  2. ERAn haurrentzako musika euskaraz. Nork ez ditu buruan txikitako abestiak, eskolan, etxean edo kotxean entzundakoak, eta nola ez, irratian etengabe aditutako udako kanturen bat edo beste.
  3. JOLASAK ETA SOLASAK, kalean eta lagunartean jostatzeko bideoak. Garai batean erabat ohikoa zen haurrak jostetan nonahi ikustea, kaleak neska-mutikoz beteta egotea. Gaur egun, aldiz, kasik ohikoagoa da haurrak joan-etorrian ikustea, musika eskolarako bidean doazela edota entrenamendutik bueltan.
  4. Igarkizunak. Igarkizunak etxerako, auto-bidaietarako, itxaron-gela batean zaudetenerako… oso baliagarriak dira. Alde batetik, jolasteko aukera paregabea eskaintzen dute. Eta, bestetik, hizkuntza lantzeko modu bikaina da.
  5. Nola sustatu irakurzaletasuna? Eskolan ikasten dute haur gehienek irakurtzen, baina zaletasuna non sortzen da? Zalantzarik gabe, eskolatik kanpo eta horregatik, familiari dagokio haren sustapena. Alegia, gurasoak dira haurrak irakurtzen zaletzeko gakoetako bat.

Eta esaera zahar batekin amaituko dugu urteko azken artikulua: «Gaizki esandakoak barkatu eta ongi esanak gogoan hartu».
Aurten gehiago!

CC BY-SA 4.0