IMG: pixabay/saralcassidy
Irakurzaletasuna
ETXEAN

Nola sustatu irakurzaletasuna?

Zer da irakurzaletasuna? Nondik datorkigu? Nola pizten da?

Intza Alkain Galtzagorri elkarteko* kideari galdetuz gero, honakoa erantzun ohi du: Irakurzaletasuna haurrak liburura hurbiltzea da, beraiek nahi dutelako, eta gogoz, alegia, haurrek liburuak beraien kabuz irekitzea eta irakurtzen disfrutatzea. Eta ez hori bakarrik, hori ohitura bihurtzea ere.

Eskolan ikasten dute haur gehienek irakurtzen, baina zaletasuna non sortzen da? Zalantzarik gabe, eskolatik kanpo eta horregatik, familiari dagokio haren sustapena. Alegia, gurasoak dira haurrak irakurtzen zaletzeko gakoetako bat.

Zaletzea! Horra hor helburua. Beraz, seme-alabak maizago irakurtzen ikusteko, argi eduki behar da helburua zaletasuna sortzea edota areagotzea dela. Beraz, etxeko txikiek disfrutatzea bilatu behar da. Kontua ez da edozer irakurtzea. Istorio politak aukeratu behar dira, liburu-azal erakargarriak, pertsonaia interesgarriak…

Haurrek etxeko nagusiak irakurtzen ikusteak ere, jakina, eragin positiboa izan dezake. Baina hasierako urretsei begira, irakurketa bien artean egitea komeni da, ama edo aita umearekin batera. Elkarrekin irakurtzea, istoriari buruz hitz egitea, pertsonaiei buruz… Azken batean, irakurketak lehiakide handiak ditu gaur egun, eta ez da erraza izaten haur batek bere kabuz liburu bat hartzea, ez baldin badu inork aldez aurretik animatu, ondo-ondoan telebista edo tablet bat baldin badu. Hori dela eta, garrantzitsua da gurasoek hasiera hori bideratzea. Aurrerago, zaletu eta gero, jarraituko du bere kabuz irakurtzen.

 

Beraz, haurrek irakurketarekin disfrutatzea da giltza, eta horri begira, honako hauek ere lagungarriak dira:

  1. Ez eskatu haurrei ezer ordainetan. Ez lotu betebehar batekin, ezta opariekin ere, plazerarekin baizik.

  2. Liburuak eskaini eta eskura jarri, eta mota askotarikoak:  ipuinak, album ilustratuak, komikiak, liburu interaktiboak, eleberri grafikoak, aldizkariak… Eduki dezatela gehien gustatzen zaiena deskubritzeko aukera.

  3. Haurrekin irakurri, beraiekin batera edo elkarren ondoan. Liburu bera irakurri dezakezue, bakarka edo elkarrekin. Horrela, liburuari buruz luze hitz egiteko aukera izanen duzue, irakurketaren efektua biderkatuz. Izan ere, irakurketa liburuari ekin aurretik, bitartean eta amaitutakoan ere gertatzen den zerbait da. Eta, horrekin batera, konstantzia. Zaletasuna ohitura bilakatzeko ezinbesteko aldagaia.

  4. Irakurketa zentzu zabalean ulertu: irakurtzea aukera bat da, baina ipuin-kontaketetara joatea ere oso gustuko izaten dute, audio-ipuniak entzutea..

  5. Askotariko formatuak daudela gogoratu. Paperezko liburuek ez ezik, bideoipuinek ere askotan testua irakurtzeko aukera ematen baitute, baita ipuin interaktiboek ere.

  6. Ez lotu irakurketa arlo akademikoari.

Eta bukatzeko, gogoratu gurasoek euskaraz ez jakiteak ez duela haurrak irakurzaletzeko eragiten. Azken batean, goiko gakoetako gehienak edonoren esku daude. Eta beste batetik, oso interesgarria da beste hizkuntza batzuetan ere irakurtzea, horrek erraztu baitezake euskarazko irakurketara ere hurbiltzea.

Bideo honetan irakurzaletzeko euskarazko liburuak eta baliabide batzuk:

 

* Galtzagorri elkartea: Euskal haur eta gazte literaturaren elkartea.

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat