© ERA
Neska-mutilak jolasean herriko plaza batean
BALIABIDEAK

Herri euskaldunetan bizi diren familientzako proposamenak

Euskaraz!! … nola bestela? galdetzen dute Goizuetako, Zubietako, Arantzako edota Anizko haurrek. Izan ere,  Nafarroako ipar-mendebaldeko eskualde gehienetan euskaraz aritzea da ohikoena, bertako biztanle gehienek dakite eta erabilera horren poderioz, herri horietan, euskara hizkuntza bizia da. 

Etxe gehienetan euskaraz egiteak ahalbidetu du, hein handi batean, hizkuntzaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioari eustea, eta horri lotuta, jakina, gizarteak egin duen esfortzua ere ezinbestekoa izan da hizkuntzak bizi-bizirik jarraitzeko. 

Dena ez dago irabazita, ordea, ezta eskualde hauetan ere. Hemen euskara nagusi den arren, hausturak berdin-berdin gerta daitezke. Kontuan hartu behar da, euskara berreskurapen prozesuan dagoela eta zenbait esparrutan ez duela gaztelaniak duen presentzia masiboa eta lehentasunezko trataera, esaterako, haur eta gaztetxoendako ikus-entzunezkoetan eta Interneteko edukietan. Jakina da biek eragin handia dutela belaunaldi gazteenen aisialdian, tamalez ordea, eduki horien aldea nabaria da hizkuntza bateko eta besteko eskaintza kopuruari dagokionez. Horregatik da garrantzitsua gurasoek euskararen erabilerarekiko jarrera aktiboa izatea eta hori transmititzea seme-alabei. Hona hemen bide horretan lagungarri izanen diren proposamen batzuk:

  • Eskolaz kanpoko ekintzak euskaraz: Eskualde hauetan eskolaz kanpoko jarduera gehienak euskaraz eskaintzen dira. Horietan parte hartzea oso mesedegarria da umearentzat,  euskara erabiliko baitu gustuko dituen jardueretan, baita harreman informaletan ere. 
  • Eskaini euskarazko kultura: Musika, zinema, literatura, antzerkia eta bestelako kultur adierazpenak oso egokiak dira umeen garapen indibidual, sozial eta linguistikorako. Hauen bidez irudimena, sormena, komunikatzeko gaitasuna edo euskararekiko atxikimendua edo lotura indartuko dute. ERAko Baliabideak atalean hainbat proposamen daude. Horiez gain, haurrak aurrez aurreko kultur emanaldietara eramatea ere ideia bikaina da, bertan bestelako bizipen eta gozamenak jasotzen direlako. Eskualde hauetan euskarazko kultur jarduera asko antolatzen dira. ERAn haurrendako kultur ekitaldien agenda ikus daiteke.
  • Internet eta aplikazioak euskaraz kontsultatu: Teknologia hauek garrantzi handia dute haur eta gaztetxoentzat. Azken urteetan aurrerapauso nabarmenak egin dira teknologia hauek euskaraz izateko eta, gaur egun, interneteko edukien eta aplikazioen eskaintza gero eta zabalagoa da. Nabigatzailea euskaraz konfiguratuta izatea oso ideia ona da, horrela bilaketa bat egiterakoan nabigatzaileak euskaraz dauden emaitzak lehenetsiko ditu.
  • Aukeratu euskarazko hedabideak: Hedabideak mundua begiratzeko leihoak direla esan ohi da. Nafarroako Ipar-mendebaldean tokiko euskarazko komunikabide sare esanguratsua dago. Euskarazko tokiko hedabideei etxeko atea irekitzerakoan bertako eta mundu zabaleko informazioa jasotzen da, gertuko ikuspuntu batetik. Gainera, hautu horrek umearen gaitasun linguistikoan eragina izan dezake baita etorkizunean hedabideak euskaraz kontsumitzeko joeran ere.
  • Ohitura zaharrak eta berriak, denak kultur ondare: komunitate batekiko lotura sentitzeko oso garrantzitsua da aurreko belaunaldien kultur ondarea ezagutzea, ohiturak, jaiak, lanbideak, bizimodua. Horregatik, komenigarria da seme-alabei ondare horren berri ematea, eta gurasoek gustuko  dutenarekiko atxikimendua adieraztea. Baina aurreko horrez gain, egungo belaunaldiek sortzen dutena kontuan hartzea oso garrantzitsua da, euskaraz sortzen denari arreta berezia eskainiz.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat