ARG: Durangoko Azoka
KANPOAN

Neguko planak: Durangoko Azoka

Iritsi da hotzaldia. Negu giroan gaude eta barnerako planak egiteko garaia da.  Adibidez?  DURANGOKO AZOKAra txangoa!
Zer aurkituko dugu?

Liburuak, diskoak, ikuskizunak, kontzertuak, hitzaldiak, tailerrak…

Guztira:

  • 930 nobedade: 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta 54 bestelakoak
  • 250 kultur ekitaldi
  • 248 stand
Noiz:

  • Abenduaren 7tik 11ra

Autobusen eta aparkalekuen informazioa hemen

Hau da hau, zenbaki festa! Ez dago beldurtu beharrik ordea, Landako Gunea toki zabala baita eta gune berezituak ditu guztientzako espazioa izateko, baita haurrentzako ere. Bertaratu aurretik adierazi nondik nora ibiliko zareten eta ez dira galduko, ez bada liburuen zurrunbiloan.

Sorginak, maitagarriak, kaleko artistak,  Itsasargiko misterio zaleak, Babar, Mari-Meri eta Mori, Zazpi pertsonaia istorio bila …  guztiak azokan egonen dira apaletatik nork hartuko zain, haien mundu zoragarrietan nor murgilduko zain. Aprobetxa dezagun aukera eta eskuratu ditzagun euskal sortzaileen lanak, nobedadeak zein lehenagokoak, denetarik izanen baita Durangon!  Eta ea bidez batez, haurrei literaturarekiko zaletasuna pizten laguntzen diegun.

Izan ere, sarritan aipatu izan da irakurtzea zeinen onuragarria den seme-alaben garapenerako: hizkuntza aberasten laguntzen du; kontzentratzeko gaitasuna eta memoria handitzen ditu; irudimena, afektibitatea eta enpatia sustatzen ditu; eta hamaika bertute gehiago ditu. Euskaraz eginez gero, gainera, hizkuntza sendotzeko balioko dio baita hizkuntzaz gozatzeko ere, izan etxe euskaldunekoa zein ez horren euskaldunekoa.

Batzuetan irakurtzeko ohiturak sustatzea erraza ez den arren, moduarekin asmatzea garrantzitsua izan daiteke. Horretarako aukera paregabea eskaintzen du Durangoko Azokak: liburu aurkezpenak, ipuin kontalariak, tailerrak, hitzaldiak … Horietako jarduera batzuk SAGUGANBARAn eskainiko dira.  Familientzako gunea da, eta Elkartegian dago.  Hona hemen hainbat proposamen:

  • Mari, Meri eta Mori sorgin ausartak  liburu aurkezpena
    • Egileak: Antton Kazabon eta Jokin Mitxelena
    • Aurkezpen kontatua eta ilustratua
    • 3-12 urte.
    • Noiz: Abenduak 9, 16:00 – 16:30
  • OLGETA familian jolasean tailerra
    • 2-5 urte bitarteko haur eta familientzako jolas tailerra.
    • Tailer honen bidez familian euskaraz jolasteko baliabide eta materialak ikusi, ukitu eta probatzeko aukera egonen da: mahai jolasak, jolas sinbolikorako materialak, argiarekin esperimentatzekoak …
    • Noiz: Abenduak 11, 18:00- 19:00
  • Antzerkia “Olentzero ipuinen herrialdean” liburuaren aurkezpen antzeztua.
    • Vivim del Cuentu taldea
    • Entretenitu, hezi, pentsarazi eta irudimenari hegan egiten uzteko! Euskara eta katalanera tartekatuko dira.
    • Noiz: Abenduak 10, 18:00 – 18:30

Hilaren 7an eginen du EZTANDA! euskarazko kultur eskaintzak, eta 11ra bitartean literaturaz, sormenaz, musikaz, antzerkiaz, ipuinez… gozatzeko aukera amaigabea izanen dugu.

CC BY-SA 4.0