ARG: Pello San Millan
KANPOAN

San Joanak: sua, erritua eta berritzea

Hainbat herritan ospatuko da San Joan bezpera, suak non-nahi piztuz. Baita Baztanen ere. Arizkungo etxe atari bakoitzean sua piztuko dute ilunabarrean, herritarrek su horiek banaka banaka saltatzeko. Tenore horretan berean, iluntzen hastearekin batera, ezkil jotzea hasiko da. Hamabortz minutuz entzunen dira ezkil soinuak herri guzian. Ordurako herritarrak plazara hurbilduko dira antzerkia eta dantzak ikustera. San joan bestetako ohitura izaten da hori, Arizkunen.

Udako solstizioaren erritua ez da oraintxekoa. Antzinako garaitik heldu da barrenak garbitzeko beharra eta ohitura txarrak baztertzekoa. Txar horiek denak sutan erretzea izan da ohitura, eta San Joan bezperan pizten diren suak apropos-aproposak dira horretarako.

Eguzkia goienean dagoenean sanjoan-suak txarra erretzeko ahalmena dauka. Nahikoa omen da atzean utzi nahi dena paper batean idaztea eta sutara botatzea. Suaren gainetik jauzi egin baino lehen, ez da ahaztu behar formula magiko zaharra errepikatzea:

“ San Joan, San Joan berde,
artoa eta garia gorde,
lapurrak eta gaiztoak erre.
Biba San Joan berde!”

Baina ez bakarrik suak, urak ere botere miresgarria hartzen du urteko gaurik motzenaren bukaeran, gaixotasunak sendatzeko eta ikusten ez dena ere garbitzeko ahalmena baitauka. Solstizioaren eguneko egunsentian itsasoan edo errekan murgiltzea, iturrietan eskuak eta aurpegia garbitzea, zelaietako ihintzetan oinak bustitzea… horiek guztiek balio omen dute berritzeko eta indartzeko.

Urari lotutako proposamen interesgarria duzue honakoa: San Juan Xar natura-erreserbara joatea San Joan egunean. San Juan Xar Igantzi eta Arantza artean dago, eta diotenez bertako iturburutik heldu den urak sendatzeko ahalmena du. Hiru iturrietatik edan behar omen da urte osoan eztulik ez izateko. Ohiturak dio, gainera, zapi busti batekin igurtziz gero larruazaleko arazoak sendatzen direla eta errekan oinutsik ibiltzeak gaitzetatik libratzen duela.

Tradizioak mundua ulertzeko modu zahar baten oihartzuna ekartzen du, baina, oraingo bizimodura egokituz gero, baliagarria izan daiteke oraindik. Izan ere, egun, lehen bezala, beharrezkoa da zikloak ixtea eta garai berriei ongietorria ematea. Suaren gainetik jauzi egitean, haurrek Gora oporrak! oihukatuko dute eta helduok, agian, Birus gaiztoak erre! eta, horrela, bat eginen dute suaren inguruan zirrara sentitu duten belaunaldi guztiekin.

CC BY-SA 4.0

Pribatutasun lehentasunen gunea

Beharrezko cookie-ak | Cookies imprescindibles

Ez dira IPak hartuko Analytics zerbitzuarentzat; horrela zure bisita pribatua izango da.

gdpr

Kanpo cookie-ak | Cookies externas

Beste batzuen cookie-ak erabiltzen ditugu zure nabigazioa ezagutzeko, buletinean harpidetuta bazaude edo sare sozialen bidez partekatutako elementuetan.

_ga, _gat, _gid
_ga, _gid, _gat