Ziurrenik gehienok izanen dugu gogoan txikitan eskolan edo gurasoekin egindako eskulanak: marraztu eta koloreztatu; papera, kartoia edo txapakumena; moztu eta itsatsi; muntatu edo eraiki… Nork pasatzen ote zuten hobeki, gurasoek ala haurrek?
Oroitzapen gozo haiek berreskuratzeko, berriz ere, lan horietan aritzea da onena. Jolasa eta irudimena lantzen ditugun denbora berean, lasaitasunez aritzeko espazio bat sortuko dugu. Izan ere, badirudi gaur egun, patxadaz aritzeko tarterik ez dagoela, guztia “fast” eta “just in time” den honetan. Zurrunbilo horretatik ateratzen laguntzeko aukera bikaina da, esaterako, eskulanak egitea. Horretarako, denbora, materiala eta irudimena besterik ez dira behar. Etxeko giroan bada, are eta hobeki! Izan ere, jarduera hauek probestu daitezke familian aritzeko, seme-alabekin patxadaz jostatzeko aitzakia ederra baitira. Aisialdian ongi pasatzeak adina garrantzi baitu elkarrekin pasatako denborak.
Behin materiala eskuratuta zein eskulan egin nahi den erabakitzea da hurrengo urratsa, eta horretarako aukera zabala dago batean eta bestean.
“Koloreak eta Boloak” tutorialean, adibidez, koloreak eta zenbakiak ikasiz jolas egin daiteke. Imajinazio pixka batekin, ikasketa eta dibertimendua eskutik joan daitezke. Eta, amaitutakoan, bolo partida ederra jokatu!!
Interneten badira ideia eta tutorial asko. Besteak beste, Sleeptak youtube kanalean bederatzi eskulan daude: harriekin egindako kaktusak, CD-DVDekin egindako arrainak, elurrezko panpina galtzerdiekin, zenbatzen ikasteko pizza, e.a. Hortaz, txikiarekin tutoriala ikusi, beharrezko materiala bildu eta… Koloreztatu, moztu, itsatsi eta jolastu!
Eskulanak egiteko kanal gehiago:
- Kalabaxa kanala
- Baobab kanala (pixka bat zailagoak)
- Laidatxuren txokoa kanala
- Tutorialak IKTB kanalean: Zoriontze txartela egiteko, paperezko lorea, espazio zuziria eta argazki kutxa.
- Tutorialak EITB kanalean: Lorontzi birziklatua, aurrezteko itsulapikoa, koloretako arrainak
- Sleeptak kanala
CC BY-SA 4.0